Astekaria

Altuna eta Ezkurdia, beharrekin

Maider Betelu Ganboa 2026ko urtarrilaren 30a

Ezkurdia, ahalegin betean. UNAI BEROIZ

Binakako hasierako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, finalerdietako postuetan sartzeko irabaztera behartuta dago Aspeko bikoa. Elordi-Zabaletak eta Zabala-Martijak goiko postuak sendotu nahi dituzte

Binakako Txapelketako hamaika jardunaldi jokatuta, bikote batzuei argi gorria piztu zaie. Sailkapenean Laso-Albisuk jarraitzen dute lider sendo (10 puntu), Elordi-Zabaletaren aurretik (7 puntu). Larrazabal-Mariezkurrenak eta Zabala-Martijak seina puntu dituzte, Jaka-Iztuetak 5 puntu, Altuna-Ezkurdiak eta Artola-Imazek launa puntu eta P.Etxeberria-Rezustak 2 puntu. 

Ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, Laso-Albisuk lidergoari eutsi eta zuzenean finalerdietara sailkatuko direla espero da. Elordi-Zabaletak egun duten bigarren postua eskuratuz zuzenean finalerdietara sailkatzeko borrokan daude 7 eta 5 punturen artean dauden bikoteak, eta gainontzeko bikoteek play-off postuetan sailkatu nahi dute, finalerdietako beste bi postuak erabakiko diren borrokan sartzeko. Beraz, datozen hiru jardunaldietan asko dago jokoan.

Datorrena
Hamabigarren jardunaldia gori-gori dator. Ilbeltzaren 30ean Zabala-Martijak Larrazabal-Mariezkurrena dituzte aurkari Irunen. Arerio zuzenen arteko partida da, zazpigarren puntua litzatekeena baitute jokoan. Ilbeltzaren 31n bi jardunaldi jokatuko dira. Batetik, sailkapeneko buruan dauden bi bikoak, Laso-Albisu eta Elordi-Zabaleta, elkarren kontra lehiatuko dira Gernikan. Laso-Albisuk garaipena lortu eta zuzenean sailkatu nahi dute finalerdietara, eta Elordi-Zabaletak, aldiz, euren bigarren postua defendatu nahi dute. Bestetik, Jaka-Iztuetak P.Etxeberria-Rezusta izango dituzte aurkari Idiazabalen. Bi bikoak larrialditan daude, puntuen premian, eta lehia estua espero da. Azkenik, otsailaren 1ean Altuna-Ezkurdiaren eta Peña-Imazen arteko partida hartuko du Gasteizko Ogetak. Hau ere beste final aurreratu bat da, 22ra iristen den bikoteak bosgarren puntua lortu eta arnasa hartuko baitu. Artolaren baja aurreko jardunaldian Laso ikusgarri ordezkatu duen Peñak beteko du, eta partida gogorra espero da. Ea puntua Sakanara heltzen den.