Sakandarrak saritu ditu Diario de Noticiasek

Guaixe 2026ko urtarrilaren 29a

Egunkariaren sarien lehen edizioan Sakana Group-ek, Lacturalek eta ZETAK-ek sari bana jaso dute.

Diario de Noticias Sarien lehen edizioko gala egin zen Iruñean atzo, ilbeltzak 28. SAri horien bidez egunkariak "azken urtean Nafarroako garapen ekonomiko, sozial, kultural eta ingurumenekoari egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak, ekimenak eta kolektiboak saritu” nahi izan ditu. Zazpi Diario de Noticias Sari banatu zituzten eta haietako hiru sakandarrendako izan ziren. 

Aitortzak
Sakana Groupendako Bulkada Saria izan zen. Jaime Urkola zuzendari kudeatzaileak jaso zuen saria, eta azaldu zuenez, "joan zen urtean 50 urte bete genituen; uste dut sari hau ospakizun on baten luzapena dela".

Zaporeak Saria Lacturalerendako izan zen. Enpresako presidente Juanma Garrok nabarmendu zuenez, "elikadura hil edo bizikoa da, eta ezin gara beste herrialde batzuen mende egon hain funtsezkoa den zerbaitetarako".

Azkenik, Erroak Saria ZETAK musika taldearendako izan zen. Pello Reparazek ezin izan zuen joan eta Miguel Angel Reparaz aita izan zen haren izenean saria jaso zuena. Bideo bidez Pellok esker ona adierazi zuen:  "ZETAKekin zerbait egiten saiatzen banaiz, jaso dugunaren eta orain eraikitzen ari garenaren arteko loturak egitea da".

ARGAZKIAK: Diario de Noticias