Binakako Txapelketako hasierako ligaxkako hamabi jardunaldi jokatuta, bi gauza daude argi: Laso-Albisu dagoeneko finalerdietan daude, lider (11 puntu) eta Peio Etxeberria-Rezustak ez dute inolako aukerarik (2 puntu). Gainontzeko guztia, erabakitzeko dago.
Elordi-Zabaletak Laso-Albisu liderrak izan zituzten aurkari Gernikan. Santanape frontoia goraino betea zegoela, Elordi-Zabaletak hartu zuten aurrea, baina liderrek ez zuten etsi eta buelta eman zioten markagailuari, partida gogorrean. Zabaleta sendo aritu zen, eta Elordi fin. Baina Laso erasoan eta defentsan ikusgarri aritu zen, dena ongi atera zitzaion, eta garaipenera eraman zuen bere bikoa. Azkenean, 17-22 irabazi zuten.
Zabalak eta Martijak norabide egokian jarraitzen dute eta euren zazpigarren garaipena lortu zuten, Larrazabali eta Mariezkurrenari 22-21 irabazita, Irunen jokatutako partida borrokatu, estu eta lehiatuan. Azken tantoan errioxarrak egindako dejadari esker hirugarren postuan kokatu dira. Kontuz Zabalarekin eta Martijarekin, bigarren postua lortu nahi dutelako, zuzenean finalerdietara sailkatzeko. Azken jardunaldietan konfiantza handia lortzen ari dira, eta hautagai serioak dira.
Altuna-Ezkurdiak Binakako Txapelketan bizirik jarraitzeko aurrera pauso handia eman zuten Gasteizko Ogetan, Artola ordezkatzen zuen Peñari eta Imazi 22-15 irabazita eta euren bosgarren puntua lortuaz. Garaipen horri esker, geratzen diren bi jardunaldietan garaipen bat lortuz gero, play-offetako postua ziurtatuko lukete. Ezkurdia eskuinarekin konfiantza handiagoarekin aritu zen eta atzeko koadroetan protagonista izan zen. Imazek, bere onetik kanpo aterata, ezin zen atzean dominatzeko gai izan eta aurreko koadroetan Altunak behetik gora egin zuen. Azkenean, 22-15 irabazita, sari bikoitza lortu zuten Aspekoek: bosgarren puntua, eta tantoaveragean Artola-Imazen gainetik jartzea.
Beste partidan Larrazabal-Mariezkurrenak 16-22 hartu zituzten mendean P. Etxeberria eta Rezusta.
Datorrena
Laso-Albisuk jokatutako hamabi partidetatik hamaika irabazi dituzte eta lider sendoak dira (11 puntu), finalerdietarako sailkatuta. Bigarren postua lortu eta zuzenean finalerdietara sailkatzeko aukera izateagatik borroka latza dago. Elordi-Zabaletak eta Zabala-Martijak zazpina puntu dituzte, eta Larrazabal-Mariezkurrenak eta Jaka-Iztuetak seina puntu. Seigarren postuan Altuna-Ezkurdia daude (5 puntu), eta azken postuetan Artola-Imaz (4 puntu) eta P. Etxeberria-Rezusta (2 puntu) azken hauek play-offetan sailkatzeko aukerarik gabe. Hirugarren eta seigarren artean sailkatzen direnen artean play-offak jokatuko dira, eta bertatik aterako dira finalerdietara sailkatuko diren beste bi bikoak. Bertan sailkatzeko aukera dute biko guztiek, P.Etxeberria-Rezustak izan ezik.
Hamahirugarren jardunaldia, beraz, erabakigarria izango da. Elordi-Zabaletak Larrazabal-Mariezkurrena izango dituzte aurkari otsailaren 6an Amorebieta-Etxanon, eta jokoan dagoen puntua ezinbestekoa da biendako. Egun berean, Tafallan, Artola-Imazek eta P.Etxeberria-Rezustak elkarren kontra jokatuko dute. Artola-Imazek behar beharrezkoa dute puntua lortzea play-offetan sailkatzeko borrokan jarraitu nahi badute. Otsailaren 7an, Bilboko Deportivon Altuna-Ezkurdiak Jaka-Iztueta dituzte aurkari, play-offetarako borrokarako arerio zuzenak. Azkenik, Logroñoko Adarragak Laso-Albisuren eta Zabala-Martijaren arteko norgehiagoka jasoko du. Zabala-Martijak bigarren postua nahi dute, eta gogor lehiatuko dira orain arte ikusgarri jarraitzen duten Laso-Albisuren kontra.