Korrikak Errigora omendu zuen Durangoko Plateruenean larunbatean, ilbeltzaren 31n. Aretoa euskaltzalez bete-bete zen, eta jai giroa izan zen nagusi ekitaldia hasi aurreko minutuetan. Kittu musika talde zornotzarrak euskal kantuak abesten jarri zituen bertaratutakoak, harik eta Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek omenaldi ekitaldia hasi zuten arte. Hitz hartzea egiten lehena Xabi Gartzia izan zen, AEKren nazio kontseiluko kidea. Errigoraren sorrerak gogoratu zituen Gartziak: Korrika legez, "ideia sinple bezain ausart moduan" jaio zen, eta denborak erakutsi du "arrakastatsua eta bikaina" dela. Gartziaren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: "Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe".
Segidan, Ane Elordi Korrika arduradunak hartu zuen hitza. AEKk eta Errigorak "printzipioetan bat" egiten dutela esan zuen: "Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora", adierazi zuen Elordik.
Errigoraren izenean, Adriana Urmenetak eta Irati Abiok hartu zuten hitza ondoren, eta AEKri beren esker ona adierazi zioten: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, bere 24. edizio honetan Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magiko hori, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat da. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan".
Enbaxadore berriak
Ekitaldian, Errigorako panpinak aurkeztu zituzten: Orburutxo eta Zainzuriñe. Eta Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek iragarri zutenez, Korrikak iraun bitartean bi pertsonaia horiek Euskal Herriko zein lekutan dauden identifikatzen dituztenek (dela lasterketa bitartean, dela zuzeneko emankizunetan, dela Korrikako aplikazioan), "sorpresaren bat" izango dute zain. Halaber, egitasmo berri horren xehetasun gehiago "laster" emango dutela iragarri zuten.
Ekitaldia ardo kopa bana eskutan amaitu zuten bertaratu guztiek, topa eginda. Ondoren, bazkaria egin zuten.
Atharratzerako prest
24. Korrikak Atharratzeko plazatik (Zuberoa) abiatuko da martxoaren 19an. Lekukoak hamaika egun egingo ditu egun eta gau geratu barik, harik eta martxoaren 29an Bilboko Areatzara iristen den arte. Euskara gara izango du eslogan, eta lasterkariek ZETAK taldearen erritmora egingo dute korrika. Euskararen aldeko egitasmo erraldoia Sakanara martxoaren 23an iritsiko da. Ziorditik 13;00ak aldera sartu eta Zuarrarrate portutik 18:00ak pasata aterako da, eskualdeko euskaltzaleek, aspaldiko partez, egunez eginen dute lasterka aurten.