Erregional mailako hamaseigarren jardunaldian Etxarri Aranatz liderrak eta Kirol Sport bigarrenak lidergoa izan zuten jokoan ilbeltzaren 31n San Donato zelaian jokatutako partidan. Partida oso estua izan zen, asko zegoelako jokoan, eta bi taldeak nor baino nor aritu ziren. 20. minutuan Ivan Cerezok Etxarri Aranatz aurreratu zuen, eta atsedenaldia baino lehen aldea handitu zuen Etxarrik, atzera ere Ivan Cerezok bigarrena sartu zuelako. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Luzapenean 2-1 gerturatu zen Kirol Sport, baina ez zen gehiagorako denborarik egon eta 2-1 irabazi zuen Etxarrik, lidergoari eutsiz eta Kirol Sportekin 3 puntuko aldea ezarriz.
Lagun Arteak Lekunberriko Beti Kozkor hartu zuen otsailaren 1ean Itxesalden, eta bi taldeek partida oso entretenigarria jokatu zuten. Lagun Artea hobe hasi zen, Ander Cocerak eta Gaizka Sagarzazuk 2-0 aurreratu baitzuten talde lakuntzarra. Beti Kozkorrek gol bat sartu zuen atsedenaldia baino lehen, eta 2-1 gerturatuta, partidak zabal-zabalik jarraitu zuen. Bigarren zatian Gorka Senarrek Lagun Artearen hirugarren gola sartu zuen, baina Beti Kozkorrek ongi erantzun zuen eta hiruna berdintzea lortu zuen. Beraz, azkeneko minutuak erotzeko modukoak izan ziren. 83. minutuan Gorka Egurzak gola sartu eta Lagun Artea 4-3 jarri zuen aurretik. Partida bukatzear zela, 90. minutuan Lagun Arteak partida guztiz itxi zuen, Gorka Egurzak sartutako bosgarren golak guztia erabaki zuelako (5-3).
Etxarri Aranatzek jarraitzen du lider (39 puntu) eta 4 puntu ateratzen dizkio Kirol Sportek (35 puntu). Lagun Artea bosgarren da (25 puntu). Hamazazpigarren jardunaldian, Etxarri Aranatzek Baztan B izango du aurkari otsailaren 8an 16:30ean Elizondoko Giltxaurdin jokatuko den partidan. Lagun Arteak Kirol Sporten kontra jokatuko du otsailaren 7an, 18:15ean, Orkoienen.