Gizonezkoen lehen maila autonomikoan hamaseigarren jardunaldiak sorpresak ekarri ditu.
Xotak Gazte Berriak taldea hartu zuen Irurtzunen, eta partida borrokatua puntu banaketarekin despeditu zen. Parekotasuna izan zen partidaren ezaugarri nagusia. Antsoaingoak aurreratu ziren, baina berehala Imad El Ougdik bana berdindu zuen. Gazte Berriak-ek errenta polita hartu zuen, 1-3 aurreratu baitzen segidan, baina takada polita egin zuen Xotak, Juan Morenok, Aimar Iraurgik eta Ibai Vazquezek Xota 4-3 jarri baitzuten aurretik. Pozak gutxi iraun zuen, ordea, Gazte Berriakek berdindu eta 4-5 aurreratu baitzen. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, eta Aimar Iraurgik eta Mikel Arregik 6-5 aurreratu zuten Xota. Zoritxarrez, Gazte Berriakek seina berdindu zuen eta partida berdinketarekin despeditu zen.
Arbizu Kirol Taldeak Anaitasuna hartu zuen ilbeltzaren 30ean Arbizuko kiroldegian. Iruindarrak aurreratu ziren. Axio Imazek bana berdindu zuen, baina berehala, 8 1-2 jarri zen Anaitasuna. Bi taldeak ekinean jarraitu zuten, baina markagailua ez zen mugitzen, 45. minutuan Andoni Goikoetxeak bina berdindu arte. Axio Imazek Arbizu 3-2 aurreratu zuen, baina ilusio hutsa izan zen, Anaitasunak partidari buelta eman eta 3-5 gailendu baitzen.
Aurreko asteko garaipenaren ondoren konfiantza gehiagorekin aritu zen Altsasu. Cascanten jokatu zuten sakandarrek, Canteraren kontra. Etxekoek sartu zuten lehen gola, baina Altsasuk minutu onak izan zituen eta 1-3 jarri zen aurretik, Denis Javier Ordoñez, Chej Malainin eta Saif Eddine Haiyati jokalariek sartutako golei esker. Tamalez, Canterak partidari buelta eman zion eta di-da batean 4-3 jarri zen aurretik. Zorionez, Eneko Iraurgik launa berdintzea lortu zuen eta Altsasuk puntu polita ekarri zuen Erriberatik.
Asteburukoa
Zubiriko Ibarartek jarraitzen du lehen maila autonomikoko lider (41 puntu), puntu bakarrera Gazte Berriak Antsoain (40 puntu) duela. Xota hirugarren da (37 puntu), Arbizu laugarren (35 puntu) eta Altsasu hamabigarren (4 puntu). Hamazazpigarren jardunaldian Xotak sailkapenean hamargarren den Vulcanizados Ruiz izango du aurkari otsailaren 6an, 20:30ean, Tafallan. Derbi sakandarra izango dugu, Altsasuk Arbizu Kirol taldea hartuko duelako Zelandin, otsailaren 5ean, osteguna, 19:45ean.