Nafarroako Probintzia Auzitegiko Bigarren Sekzioak 8 urteko kartzela zigorra ezarri dio Altsasuko osasun etxeko administrari laguntzaile bati, bere alabaren eta hiru biloba adingabeen historia klinikoak legez kanpo 1.300 aldiz jasotzeagatik. Epaileak frogatutzat jo du "pribatutasunaren inbasio sistematiko bat" izan zela hiru urtez. Espetxe zigorraz aparte, lauei kalte ordaina pagatu beharko die, ezin izanen da haiengana 200 metro baino gutxiagora hurbildu eta 5 urtez haiekin komunikatzeko debekua ezarri zaio. Era berean, zazpi urteko erabateko desgaikuntza ezarri zaio lau delituetako bakoitzagatik. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian errekurritu daiteke epaia.