Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Tokiko Inbertsioen Planaren (TIP) tokiko programazioko falta ziren jarduerak behin-behinean onartu ditu. 2026 eta 2028 urteen artean eginen diren obra horiek kaleetako sareak eta zoladura berritzera bideratuta daude. Sakanako hiru udalek lau lanetarako dirulaguntza jaso dituzte: Lakuntzak, Altsasuk eta Olatzagutiak. Hiruen artean 679.129,27 euroko (BEZik gabe) inbertsioa eginen dute aurten eta heldu den urtean. Gobernutik, guztira 516.362,18 euroko dirulaguntza jasoko dute.
Aurretik Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Tokiko Inbertsioen Planaren baitako hiru jarduera programetan onartutako lanen berri eman zuen: Inbertsioak, Tokiko Programazioa eta determinazio askea. Lehendik eta orain jasotako dirulaguntzekin, Sakanako toki erakundeek honako herrietan eginen dituzte lanak: Izurdiaga, Irurtzun, Hiriberri Arakil, Lakuntza, Lizarragabengoa, Etxarri Aranatz, Bakaiku (2 lan), Iturmendi (2 lan), Altsasu (3 lan), Olatzagutia eta Ziordian.
Ibarreko hamaika herritan guztira hamabost lan eginen dira. Obra horiek aipatutako toki erakunde horiei, guztira, 3.712.159,84 euroko inbertsioa egitea eskatuko die. Eta lanak egiteko 1.654.073,44 euroko finantziazioa jasoko dute foru administraziotik.
Oscar Chivite Cornago kontseilariak esan duenez, planean jasotako lanek "baliabide publikoak mugitzeaz gain, lurraldean aberastasuna sortzen baitute, espazio publikoak hobetu eta lurralde-arrakalak murrizteko aukera ematen baitute, zerbitzuko estandar homogeneoak mantenduz".
Eginen diren lanak

Lakuntza
Kirol gunerako sarbideko euri uren sarea eta zoladura egiteko, Lakuntzako Udalak bi dirulaguntza jasoko ditu: 46.736,72 eta 63.176,73 euro (BEZik gabe). Horretarako, udalak 39.726,21 eta 53.700,22 euroko bi laguntza jasoko ditu gobernutik. Sakanako Mankomunitatearen eskumena da ur sarea, horregatik, ibarreko erakundeak 81.053,40 euroko (BEZik gabe) proiektua aurkeztu zuen saneamendu sarea berritzeko. Egiteko horretarako 56.737,38 euro jasoko ditu. Lanak, guztira, 190.966,85 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du eta dirulaguntza 150.163,81 eurokoa izanen da. Obra 2027an egitea aurreikusi da.
Altsasu
Bi lanetarako finantziazioa eskuratu du Altsasuko Udalak. Alde batetik, Beheko Benta auzoko saneamendu sarea berritzeko. Obrak 121.997,28 euroko (BEZi gabe) aurrekontua du eta udalak gobernutik jasoko duen laguntza 85.398,10 eurokoa da. Lanak aurten eginen ditu udalak. Bestalde, Erburua kaleko saneamendu eta euri urak jasotzeko sareak berritzeko lanetarako ere laguntza jasoko du udalak. Obrak 150.508,49 euroko (BEZi gabe) aurrekontua du. Laguntza 105.355,94 eurokoa izanen da. Lanak 2027an eginen dira.
Olatzaguia
Txikia kaleko sareak eta zoladura berritzeko dirulaguntzak jasoko dituzte Olatzagutiko Udalak eta Sakanako Mankomunitateak. Udalak aurreikusi du euri urak jasotzeko sarea eta kalea zoladura berritzeak 41.670,10 eta 121.561,04 euroko (BEZik gabe) aurrekontua izanen duela. Foru administrazioak 35.419,59 eta 103.326,88 euroko laguntza onartu dio. Bestalde, Mank-ek ur horniduraren ardura du eta, horregatik, jasoko du Olatzagutiko obra egiteko laguntza. Lan horrek 52.425,51 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du eta 36.697,86 euroko dirulaguntza jasoko du. Olatzagutiko Txikia kaleko sareak eta zoladura berritzeak, guztira, 215.656,65 euroko aurrekontua du, eta dirulaguntza 175.444,33 eurokoa izanen da. Lana 2027an eginen da.