Hamasei langabe gehiago 2025ean

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko otsailaren 12a

Eraikuntzako langileak lanean. ARTXIBOA

Langabezia %1,81 igo zen; gizonezkoena %14,45 igo zen eta emakumezkoena %6,30. Hala ere, emakumezko langabe gehiago izaten segitzen du: 12,19 puntu gehiago.

Urtea 902 langaberekin despeditu genuen, aurreko urtean baino 16 pertsona gehiago zeuden lan bila. Langabeen %56,10 (506) emakumezkoak ziren eta %43,90 (396) gizonezkoak. Enplegu bulegoei erreparatuta, Altsasukoak urtea 774 langaberekin bukatu zuen, aurreko urtean baino 22 pertsona gehiago. Gainontzeko 128 langabeak Arakilgo aldeko zenbait herrietakoak dira, Iruñeko Zabalguneko enplegu bulegoan izena emanda daudenak.

2025eko abenduaren 31ko datuak 2024ko egun bereko datuekin alderatuta, Sakanako lau udalerritan jaitsi zen langabezia: Irurtzun (6 langabetu gutxiago eta %4,48ko jaitsiera), Irañeta (1 eta %50), Uharte Arakil (3 eta %10) eta Etxarri Aranatzen (14 eta %18,18). Bi herritan, Arruazun eta Urdiainen, langabezia bere horretan mantendu zen. Gainontzeko bederatzi udalerritan, berriz, langabeziak gora egin zuen joan zen urtean: Altsasu (13 eta %3,2 gehiago), Iturmendi (9 eta %45), Arbizu (6 eta %22,22), Olatzagutia (4 eta %5,71), Ziordia (3 eta %42,86), Lakuntza (2 eta %4,55), Arakil (1 eta %2,96), Ergoiena (1 eta %16,67) eta Bakaiku (1 eta %11,11). 

Langabezia datuak herrika 
Langabeen %46,45 altsasuarrak dira, 0,63ko hazkundea izanda. Bi digituko langabezia datua duen beste herria Irurtzun da, %14,19, 0,93 puntuko jaitsiera. Olaztiarrak dira langabeen %8,2 (0,3ko hazkundea) eta etxarriarrak %6,98 (1,71ko jaitsiera). Lakuntzarrak dira ibarreko langabetuen %5,10 eta gainontzeko udalerrietan langabezia ibarrekoaren %5 baino txikiagoa da.

Adina
Lan bila dabiltzan sakandarren %56,76 (512 langabetu, 36 pertsona gehiago eta %7,56eko hazkundea) 45 urte baino gehiago dituzte. Hurrengo adin multzoa 25 eta 45 urte arteko langabeena da: %35,70 (322, 13 gutxiago eta %3,88 jaitsiera ). Azkenik, ibarrean 25 urte baino gutxiago dituzten kopurua %7,54 (68, 7 gutxiago eta %9,33ko jaitsiera) da. Generoari erreparatuta, gazteenean ezik, gainontzeko bietan emakumezko langabeak gizonezkoak baino gehiago dira: gaztetan 35 gizonezko eta 33 emakumezko, adin ertainean 195 emakumezko langabe eta 127 gizonezko eta heldutan 278 emakumezko eta 234 gizonezko. 

Langabezia Nafarroan 
2024 abendu akaberan herrialdean 29.483 langabe zeuden, aurreko urtean baino 872 langabetu gutxiago, hau da, %2,78ko jaitsiera. Generoaren arabera, 17.839 (%60,5) emakumezko eta 11.644 (%39,5) gizonezko nafar zeuden lanik gabe. Emakumezkoen artean, langabezia %3,5 jaitsi zen 2025ean (594 emakumezko langabe gutxiago), eta gizonezkoen langabezia  %2,3 jaitsi zen aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. 278 gutxiago. Adinaren arabera Nafarroan langabeziak gora egin zuen adin talde guztietan. Sakanan nafarren %3,05 bizi gara, eta herrialdeko langabeen kopuru bera dugu, azken urtean 0,14 puntu igo baita.