Ilbeltzaren 30ean X. Herriaren Txapelketako finalak jokatu ziren Laudioko Aretako frontoian. Irurtzun klubeko Josu Igoa eta Aaron Arbizu etxarriarrak txapelketa ikusgarria eginda iritsi ziren finalera, eta Carregal (Adizkide) eta Uriondo (Lea Ibarra) izan zituzten aurkari. Sakandarrak ikusgarri aritu ziren eta nagusitasun osoz jantzi zituzten txapelak, 9-22 irabazita.
Irurtzun klubeko pilotariak ez dira gelditzen. Espainiako Kluben Arteko Txapelketan otsailaren 1ean laugarren jardunaldia jokatu zen eta Irurtzunek eta Najerinok bana berdindu zuten Errioxan. Buruz buru Najerinoko Unax Ramirezen kontra 2-1 galdu zuen Iosu Olaetxeak (8-10, 10-1 eta 5-3). Eta Binakakoan Laudioko txapela janztetik zetozen Josu Igoa eta Aaron Arbizu 0-2 gailendu ziren Najerinoko Adrian Pradoren eta David Merinoren aurrean (2-10 eta 5-10). Otsailaren 8an Irurtzunek Urbion izan zuen aurkari Irurtzunen.