Binakako Pilota Txapelketako hamahirugarren jardunaldiak panorama nahiko argituta utzi du.
Lasok eta Albisuk menderaezin jarraitzen dute (12 puntu), sailkapeneko lider sendo eta finalerdietarako sailkatuta. Elordik eta Zabaletak bigarren postua sendotu dute (8 puntu) eta finalerdietarako sailkatu dira zuzenean. Zabala eta Martija hirugarrenak dira (7 puntu) play-off postuetan, eta atzetik Larrazabal-Mariezkurrena, Altuna-Ezkurdia eta Jaka-Iztueta datoz, seina punturekin, play-off postuetan. Azkenik, Artola-Imazek 5 puntu dituzte, eta P. Etxeberria-Rezustak 2 puntu, eta bi bikoteak play-offetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira.
Otsailaren 6an Elordik eta Zabaletak urrezko balioa duen garaipena lortu zuten Amorebieta-Etxanon, Larrazabali eta Mariezkurrenari 22-18 irabazita. Partida oso gogorra izan zen, materiala, oso bizia, eta lehia, oso estua. Hasieran Elordi-Zabaleta aurreratu ziren, 8-2, baina urdinek askatzen hasi ziren eta 8-12 irauli zuten markagailua. 9-13an Mariezkurrenari kailua zabaldu zitzaion, eta ordutik aurrera partida sufrikario latza izan zen Berriozarko atzelariarendako. Eskua odoletan zuela, ez jarraitzea gomendatu zioten, baina kantxan jarraitu zuen, dena emateko. Azkenean, Elordi-Zabaletak 22-18 irabazi zuten, eta zortzigarren puntua lortu zuten.
Egun berean, Artola ordezkatu zuen Peñak eta Imazek 22-20 irabazi zieten P. Etxeberriari eta Rezustari, Tafallan.
Otsailaren 7an Altunak eta Ezkurdiak Jaka eta Iztueta izan zituzten aurkari Bilboko Deportivon. Gauzak oso gaizki hasi ziren Altunarendako eta Ezkurdiarendako, urdinak 2-11 jarri zirelako aurretik, baina gorriek ez zuten behera egin, eta gutxika buelta ematen hasi eta markagailua iraultzeko gai izan ziren. Partida gogorrean, 22-18 gailendu ziren Altuna eta Iztueta, primerako saria lortuaz: 6. puntua, eta play-offetara sailkatzeko txartela.
Azkenik, otsailaren 8an Logroñoko Adarragak bere seme Zabalaren eta Martijaren eta Laso eta Albisu liderren arteko norgehiagoka hartu zuen. Gainontzekoak bezala, partida oso borrokatua izan zen. Zabalak eta Martijak dena eman zuten eta partida ederra egin zuten, oldarkor jokatuz. Aurreko koadroetan lehia bizia izan zuten Zabalak eta Lasok, eta atzeko koadroetan sendo aritu ziren Martija eta Albisu. Partida erdian 10-12 eta 13-16 aurreratu ziren, zale errioxarren gozamenerako, baina Lasok eta Albisuk bere ibilbide ikusgarriarekin jarraitu zuten eta, azkenean markagailua irauli eta 22-19 gailendu ziren. Zabala-Martija 7 punturekin geratu ziren, ez zituzten Elordi eta Zabaleta harrapatu, eta azken hauek zuzenean bigarren postuan sendotu eta finalerdietara sailkatu ziren. Zabalak eta Martijak, aldiz, hirugarren postua defendatuko dute azken jardunaldian.
Azken jardunaldia, Altsasun
Asteburuan hamalaugarren jardunaldia jokatuko da, ligaxkako azkena. Otsailaren 13an Zabala-Martijak Artola ordezkatuko duen Peña eta Imaz izango dituzte aurkari Seguran; ilbeltzaren 14an Altuna-Ezkurdiak eta Larrazabal-Mariezkurrenak elkarren kontra jokatuko dute Donostiako Atano III.ean, zazpigarren puntuaren bila; ilbeltzaren 15ean Altsasuko Burunda pilotalekuak Elordi-Zabaletaren eta Jaka-Iztuetaren arteko norgehiagoka hartuko du; eta, azkenik, otsailaren 16an Tolosako Beotibarren Laso-Albisuk eta P. Etxeberria Rezustak jokatuko dute.