Hobe beharrean/beharrez Nahiko erabilera orokorrekoa dugu esapide hau ere. Hobe beharrez. Zerbait, hoberena dela pentsatuz, fede edo asmo onez, egin edo esan. Ondorengoa Etxarri Aranazko esaldia dugu: Ezazubiela aztu zuen obe bierrien ai gaala! (Ez ezazue ahaztu zuen hobe beharrean ari garela!) Guresuek beti seme-alaban obe bierres aitzen ttun!
(Gurasoak beti seme-alaben hobe beharrez aritzen ditun!)
"Actuar por el bien de, de buena fe".
Hobe da ero, baina bero! Francisco Ondarrak Bakaikun jasoa. Ez zaio garrantzi gehiegirik eman behar besteek gugatik pentsatu edo esan dezaketenari, besteen iritzia eragiten duen horrek gu ongi sentiarazten bagaitu. Obe da ero, baindo bero! (Hobe da ero, baina bero!) “Ande yo caliente y ríase la gente”.
Hobe izan hutsa Aranazko esapidea da. Esandako zerbaiten aurrean, kontrako iritzia eta baita, hura betetzekotan, mehatxua ere adierazteko erabiltzen da esamolde hau. Etxarri Aranazkoa dugu ondorengo esaldia: Biyer gaupasa eiñen denela? Obien utse! (Bihar gaupasa eginen dunala? Hobe dun hutsa!) Gaztelaniako esamoldearen parekoa da: “¡Más te vale!”.
Hobe(ago)ra jo/eman, Hobe(ago)raz gero Erabilera orokorrekoak dira aditz perifrasia eta esamoldea. Lehenak, hobera egin, hobetu. Egoera txar batek, berdin osasunari nola bestelakoei dagokiena, hobera egiten duenean erabiltzen da. Lizarragan bigarrena, obiaa eskioo(s) (hoberaz gero). Etxarri Aranazkoak dira ondorengo esaldiak: Langabeziyan egoerak obi(or)a jo/eman dik astiontan. (Langabeziaren egoerak hobe(ago)ra jo/eman dik aste honetan.) Bigarrenak, hobetuz gero, «gauzak ongi joanez gero edo zuzenduko balira» adierazten du. Obi(or)as kios, laster emen izenko diau fameli guzie. (Hobe(ago)raz gero, laster hemen izango dugu familia guztia.) “Mejorar, en caso de mejora…”.
Hoberenean. Aranatzen eta Arakil mendebaldean erabiltzen da. 1. Agian, beharbada. Lizarragakoa, lehena, eta Etxarri Aranazkoak ditugu ondorengo esaldiok: Obeenien, etorku aa. Obeenien ibizi inko o. (Hoberenean, etorriko da. Hoberenean, irabazi egingo du.) Obenien, ez zikieguk ezee gertatuko. (Hoberenean, ez zaiguk ezer ere gertatuko.) Asmuorreki abiyetu ttuk, beye obenien, ettuk allaatuko! (Asmo horrekin abiatu dituk, baina hoberenean, ez dituk ailegatuko!) “A lo mejor”. 2. Sasoi onenean, oso bizkor. Guai ziok Irujo obenien. (Orain zagok Irujo hoberenean). Guaixe oben-obenien gauden! (Oraintxe hoberen-hoberenean gauden!) “En lo mejor”.
Hoberenera ere. Aranazko esapidea dugu hauxe. Kasu hoberenean ere. Lizarragakoa dugu lehenengo esaldia eta Etxarri Aranazkoa bigarrena: Obeniaa dee maki geldittuku aa. Obeniaa dee, gezki! (Hoberenera ere, maki geldituko da. Hoberenera ere, gaizki.) Esan nuban bezela, obeniaa dee, ez gettuk afaltzia allaatuko. (Esan nian bezala, hoberenera ere, ez gaituk afaltzera ailegatuko.) “En el mejor de los casos”.
Hoberenez hoberen hartu/jan/ibili. Hauek ere Aranazkoak gutxienez. Gauzarik hoberenak hartu/jan/ibili. Nahi dituen pertsonak edo gauzak aukeratuz ibili. Ondorengoak, Lizarragako eta Etxarri Aranazko esaldiak ditugu: Obeenes obeen artu oot. (Hoberenez hoberen hartu dut.) Obeenes obeen jaten do. (Hoberenez hoberen jaten du.) Neskatotan obeenes obeen ibildua. (Neskatoetan hoberenez hoberen ibili da.) “Andar picando de flor en flor”.
Hodeia sartu/egon. Erabilera orokorrekoa dugu aditz perifrasi hauxe. Ekaitza sortu. Zeruan aurreikusten denean ekaitza datorrela. Hurrengo esaldietako lehena Etxarri Aranazkoa dugu eta, bigarrena, Lizarragakoa: Odoye sartu dau mendi aldetik ta laster auriye bertan diau. Odoye ziok! (Hodeia sartu du mendi aldetik eta laster euria bertan dugu. Hodeia zagok!) Odoitziaa diyue, odoie sartu aa (Está el tiempo de tormenta). (Hodeitzera doa, hodeia sartu da). “Formarse tormenta, prever la tormenta».
Hondoa jo. Sakana osoan behintzat erabilia izan da aditz perifrasi hau. Zuhaitza behe-behetik, hondotik, bota aizkorez, trontzaz edo motozerraz, lurretik ahalik eta hurbilen. EHn beste bi esanahi ditu: 1. Azkendu, ahitu. 2. Ontzi bat, hondoa jo duelako, gelditu. OEHn ere gauza bera. Lizarragako hiztegian mugatzailerik gabe ageri da izena: ondo bota, ondo jo. Lehen hiru esaldiak Etxarri Aranazkoak ditugu eta laugarrena Lizarragakoa: Ibilliye niok ondue jotzen basuen gaztetan. (Ibilia nauk hondoa jotzen basoan gaztetan). Yoziñek ez tikik ondue jotzen bier bezela ta orregati izeten ttuk istripubek basuen. (Edozeinek ez zakik hondoa jotzen behar bezala eta horregatik izaten dituk istripuak basoan). Gazte denbora geyena Franzien eman niyan ondue jotzen. (Gazte denbora gehiena Frantzian eman nian ondoa jotzen –zuhaitzak botatzen–.) Basuaa ondo jotziaa fan da (Ha ido al monte a talar árboles). (Basora hondo jotzera joan da). “Talar un árbol».
Hondogabeko (tripa) izan/(eduki). Sakana guztian erabiliak aditz perifrasi hauek. Norbait oso jatuna dela adierazteko erabiltzen da. Inoiz asebetetzen ez diren horietakoa dela norbait. Lizarragako hiztegian honela dakar: «Ondo baaiko tripa -hambre insaciable-». OEHn lehen adibidean, ezen hortik aurrekoak zentzu orokorrean erabiliak baitira. Ondorengoak Etxarri Aranazko esaldiak dira: Ekartzen al dek aragi uberi afaltzeko, ondobeko asko gaudek eta! (Ekartzen ahal duk haragi ugari afaltzeko, hondogabeko asko gaudek eta!) Gaurko gosaye ikusita, garbi ziok ondobeko tripe dakakela! (Gaurko gosaria ikusita, garbi zagok hondogabeko tripa daukaala!) “Ser un tragón”.
Aste honetan bi txartel ikusiak ditut Etxarriko taberna eta Ikastolako kidien whasapetan. Biak ala biak galdera banarekin: lehena txartela, Nor dator? galderarekin eta bigarrena, Bazatoz? Etxarrieran ez da batuaren aurretik etorri aditza era trinkoan erabili eta (h)eldu izan erabiltzen genuen: Nor (h)eldu da? eta (h)eldu za(r)a?