Futbola

Etxarrik agintzen jarraitzen du eta Lagun Arteak puntu bat ekarri zuen Orkoienetik

Guaixe 2026ko otsailaren 10a

Etxarri Aranatz lider dela hartuko du atseden.

Mutilen erregional mailako hamazazpigarren jardunaldiak lau puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailako hamazazpigarren jardunaldian Etxarri Aranatz liderrak Baztan B izan zuen aurkari Elizondon jokatutako partidan. Liderra izan zen 24. minutuan aurreratu zena, Mikel Urrestarazuk sartutako golari esker, baina atsedenaldia baino lehen bana berdindu zuen Baztan B-k. Bigarren zatian Etxarriren nagusitasuna erabatekoa izan zen. Aimar Ijurrak, Joanes Mikeok eta Jon Erdoziak (2) ongi borobildutako jokaldiei esker azkenean liderrak 1-5 irabazi zuen eta lehen postuan jarraitzen du. 

Lagun Arteak garaipen zaporea duen puntu garrantzitsu bat ekarri zuen sailkapenean bigarren den Kirol Sporten etxetik. Kirol Sport 2-0 aurreratu zen eta lakuntzarrak kontrako bi golen aldearekin joan ziren atsedenaldira. Txuriek ez zuten etsi, eta bigarren zatian ekinean jarraitu zuten. Gorka Egurzaren golari esker Lagun Artea 2-1 hurbildu zen 57. minutuan, eta 10 minutu beranduago Gorka Senarrek bina berdindu zuen. Bi taldeak garaipenaren golaren bila aritu ziren, baina markagailua ez zen mugitu eta 2-2 berdindu zuen Lagun Arteak, garaipen zaporea zuen puntua lortuz. Bide batez, fabore ederra egin zion Etxarri liderrari. 

Hurrena
Etxarri Aranatzek jarraitzen du erregional mailako lider (42 puntu). Universidad de Navarra igo da bigarren postura (37 puntu), eta berdindu eta gero Kirol Sport hirugarren da (36 puntu). Lagun Artea bosgarren postuan dago (26 puntu). Igoera postuak 10 puntura ditu. 

Hemezortzigarren jardunaldian Etxarri Aranatz liderrari atseden jardunaldia dagokio. Lagun Arteak sailkapenean hamabigarren den Lagunak B du aurkari otsailaren 21ean, larunbata, 15:30ean, Barañainen.