Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak eta Sakana Trenaren Alde plataformako kideek Izurdiagan otsailaren 5ean egindako batzarrean hitza hartu zuten. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko proiektuaren informazio azterlanaren mamia azaldu zieten 60 bat arakildarrei. AHTren ibilbidearen eta haren eraginen berri eman zuten.
Akaberan nahi zuenak egitasmoa bertan behera uzteko alegazioak sinatzeko aukera izan zuen. AHT egitasmoari alegazioak aurkeztu nahi dizkion arakildarrak udalaren webgunean sar daiteke, arakil.eus. Handik alegazio ereduak deskarga daitezke, bai norberak aurkez dezakeena, bai beste bat ordezkatuz aurkezteko beharrezko eredua edo talde baten ordezkari gisa aurkeztu beharreko eredua. Alegazioak martxoaren 6ra arte aurkez daitezke.
Bestalde, Izurdiagakoaz aparte, ibarrean beste batzar bat deitu dute. Hiriberri Arakilgo kontzejuan izanen da, otsailaren 12an, osteguna, 19:00etan.