Mutilen lehen maila autonomikoko hamazazpigarren jardunaldiak derbia ekarri zuen Sakanara. Altsasu taldeak Arbizu Kirol Taldea hartu zuen otsailaren 5ean Zelandin jokatutako partidan. Partida oso borrokatua izan zen. 22. minutuan Andoni Goikoetxeak Arbizu aurreratu zuen, eta lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. 38. minutuan Jokin Urzelaik Altsasuren bigarrena sartu zuen, baina segundo eskasetara Rolando Raul Sanchezek Altsasu 1-2 hurbildu zuen. Handik minutura Ailetz Arretxek 1-3 jarri zuen Arbizu, baina berehala Chej Malainin Hafdalak 2-3 gerturatu zuen Altsasu. Azkeneko minutuak zoratzeko modukoak izan ziren, baina Mattin Petriatik Arbizuren laugarren gola sartu zuen eta partida erabakita utzi zuen, 2-4 Arbizuren alde.
Bestalde, Xotak Vulcanizados Ruiz Tafa izan zuen aurkari Tafallan. Lehia estuan, etxekoek mustu zuten markagailua, baina hortik aurrera Xota izan zen jaun eta jabea. Asier Martinek, Oinatz Zabartek, Andres Felipe Cadenak (2) eta Aimar Iraurgik sartutako golei esker, 1-5 irabazita itzuli ziren irurtzundarrak Sakanara.
Zubiriko Ibarartek jarraitzen du mutilen lehen maila autonomikoko lider (44 puntu). Bigarren Gazte Berriak da (43 puntu), hirugarren Xota (40 puntu), laugarren Arbizu Kirol Taldea (38 puntu) eta hamabigarren Altsasu (4 puntu). Asteburuan ez da jardunaldirik jokatuko, baina hurrengoan Altsasuk Anaitasuna hartuko du otsailaren 19an (19:45), Arbizu Kirol Taldeak Ibararte, oraindik zehaztu ez den datan, eta Xotak Olite, otsailaren 21ean, 18:30ean, Atakondoan.