Etxean daukagun ardura banaketen artean, niri dagokidan bat hautsarena da. Ez naiz hasi berria zeregin honetan, urteak daramatzat eta; baina aurreko egunean zera horretan nenbilela, pentsatzen hasi nintzen, zein gauza bitxia hautsa kentzearena, kendu eta kendu eta berriz sortu eta sortu, eta, are gehiago, hautsa kendu berri, nik uste, oraindik ere gehiago nabaritzen dela zikinkeria non dagoen.
Eta horrekin jarraitu nuen buruan bueltaka. Gutxi gorabehera gehienok badugu ideiaren bat hauts matazen osaketaren inguruan. Hor biltzen dira, zuntzak, ileak, larruazalak, jandakoaren arrastoak, altzarietatik eta hormetatik askatzen diren partikulak… Hauetako gehienak etxe barruan sortuak dira, baina ingurumenak ere eragiten du, eta non bizi garen, basoari begira edota bideberri batetik gertu, iparraldeari begira edo hegoaldeari… honek ere laguntzen du edo gehitzen du hauts matazak osatzeko garaian eta bere berezko ukitua ematen dio.
Eta saltsa honetan, milaka onddo eta bakterio bizi dira, baita akaroak ere, honenbeste gaixotasun eta alergia eragiten dutenak. Nahiko serio hartu behar da, beraz, ez da arinki egin beharreko gauza. Nik, behintzat, nire aldetik, ahal dudan guztia egiten dut, gauzak txukun mantentzeko. Denborak edo esperientziak, zeregin askotan gertatzen den bezala, erakusten dizu nondik jo, hautsa nola bildu, zein tresna erabili, etxea noiz aireztatu… Baina, tamalez, oraindik ere, gauza bat falta zaidala nabaritzen dut, eta hori da, emakumeek, garbiketarako eta beste lan askotarako, daukaten gene berezia. Nik faltan botatzen dut, zer egin beharko!
Noiz behinka, pentsatzen dut, hurrengo etxeko konbeniorako, zeregin hori besteren batekin trukatzea negoziatzea, baina beldur naiz, gabezia berberarekin topo eginen ote dudan, gene faltarena, alegia.
Bitartean zera honetan jarraituko dut, eta arreta berezia jarriko dut leihoak zabaltzerakoan zein haize dabilen, batez ere, mendebaldekoa eta itsasoaren beste aldekoa den; handik mundu osora zabaltzen ari diren hauts, kaka, zabor eta zakar guztia gure etxean sar ez daitezen eta gure etxeko hauts matazen osagarri bihur ez daitezen, kutsakorrak dira eta.