hara zer dien

Egia balitz…

Sakanako Anitzartean Zerbitzua 2026ko otsailaren 16a

Azken egunotan hortxe dabil bolo-bolo Espainiako Gobernuak iragarri duen migratzaileentzako ezohiko erregularizazio prozesuaren berria. Batetik, albisteak itxaropena zein zalantzak piztu ditu urte luzez administrazioaren bazterretan bizi izan diren pertsona askoren artean. Bestetik, pertsona horiekiko, azken urteotan bereziki, bizi-bizi , frenorik gabe dabiltzan “bulo” delakoen eta zurrumurruen gorakada ere.

“Pertsona guztiek dute lan egiteko eta egiten duen lanari dagokion lansaria jasotzeko eskubidea” , dio Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 23 artikuluak. Bai, unibertsala, omen. Egia balitz…

“Ezin da inor esklabo bihurtu, edo saldu eta erosi, salgaia izango balitz bezala.” 3. Artikulua. Erregularizazioak 500.000 pertsona esklabotza baldintzetatik aterako balitu, egia balitz… Langile bakoitzari, dagokion duintasuna, tokia, eta eskubideak bermatuko balizkio……hala balitz…..

«Etxeko langile askorentzat arnasa izan liteke. Askok paperak lortzeko egoera oso gogorrei eusten diete, urteetan, eta nagusiek, askotan, zaurgarritasun egoera hori langileak esplotatzeko baliatzen dute.

Zaintza merkatu gai hutsa bihurtzearen ondorio da zaintzaileen esplotazioa, langilearen duintasunaren eta behar bezalako zerbitzua ematearen gainetik etekin ekonomikoa lehenestearen ondorio. Horrek, arrazismoa, kolonialismoa, patriarkalismoa eta kapitalismoa azalarazten du.

Askotan entzuten dira halakoak: “migratzaileak gure bizi maila mantentzeko behar ditugu migratzaileak”. Kontuz halakoekin.

Pertsona migratu batek baino gehiagok galdetzen du: “ez zarete konturatzen gure lana balioan jartzen duzuela zuek ez zaudetelako lan hori egiteko prest? Adinekoen zaintzan, edo eraikuntzan, edota zainzuriak hartzen… 5euro/orduan?“

Gure nahi bakarra da lanpostu berberetan lehiatzea, eta herritar gisa bizitzea.

Egia bihurtuko balitz…