Otsailaren 10az geroztik, Sakana Harrera Haranako boluntarioak Irurtzungo azokan egonen dira, 11:00etatik 13:00etara. Bitarte horretan elkartasun bilketa eginen dute. Gauza bera egiten hasi ziren ostiralean Altsasuko Erkuden kaleko 8. zenbakiko lokalean, garai bateko Sociedad Deportiva tabernan, ordutegi berean. Sakandarrei dei egin diete "etxean dituen, erabiltzen ez eta egoera onean dauden arropak, jostailuak, bitxiak, oinetakoak, maindireak, ontziak eta abar" eramateko. Irurtzunen martxoaren 24ra arte eginen dute bilketa. Altsasun, berriz, martxoaren 27ra arte ariko dira ostiralero materiala jasotzen. Jasotako guztia sailkatu ondoren, Irurtzungo elkartasun azoka martxoaren 28an izanen da. Altsasun apirilaren 19an eginen den elkartasun azokan salgai jarriko dute jasotakoa. Helburu berarekin, Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuan ere objektuen bilketa eginen dute aurrerago.
Elkartasun azokarekin Sakana Harrera Haranak bi helburu lortu nahi ditu. Batetik, jasotako objektuei bigarren bizitza bat eman nahi die. Aldi berean, ekonomia egoera zailean daudenei aukera eskaini ongi dauden gauzak erosteko. Irurtzunen lortutako dirua Kongon elkartasun ekimenak egiten dituen Atarrabiako Arua Elkartasuna elkartearendako izanen da. Altsasun jasotako dirua, berriz, Paris 365 elkartasun jatetxearendako izanen da.
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua antolakuntzan dabil ere. Bakarren batek astearteetan edo ostiraletan materiala eraman ezin badu, harekin harremanetan jarri eta nola eman zehaztu dezake. Horretarako, 648 070 710 telefonora hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus e-postara idatzi behar da. Irurtzunen antolakuntzan daude herriko emakume taldea, boluntario taldea, Itxipuru eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Arakilgo, Irurtzungo eta Altsasuko udalel eta Nafarroako Gobernuak eta Paris 365k laguntzen dute.