Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean jarri du. Horren berri emateko hainbat toki erakundek eta Sakana Trenaren Alde plataformak egitasmoari buruzko informazio bilerak antolatu dituzte. Haien bidez plataformako kideek "AHTk Sakanan eragingo duen txikizioa salatu, ondorio kaltegarriak azaldu" nahi dituzte. Horren aurrean, "tren publiko eta sozialaren aldeko alternatiba herritarrei" aurkeztu nahi diete. Aldi berean, bilkura horiek sakandarren alegazio bilketa masiboa egiteko eta eta martxoaren 14an Altsasun eginen den manifestazioaren berri emateko baliatuko dituzte.
Ibilbidea
AHTren plataforma berriak 1,435 metroko zabalera (trenbide zabalera estandarra) luketen bi trenbide izanen lituzke, guztira 14 metroko zabalera. Bizkai mendian egindako tunel baten bidez sartuko litzateke Sakanan. Errotz eta Urritzola iparraldetik pasako litzateke, bietatik 200 metrora. Arakil ibaiaren gainean 596 metroko zubi bat eginen lukete. Errotzen 329 metroko luzera lukeen tunela eraikiko litzateke eta Urritzola parean 431 metroko beste bat.
Ekai, Zuhatzu eta Satrustegi hegoaldetik jarraituko luke trazadurak, herrietatik 200 edo 300 metrotara eta autobiatik gertu, hari paralelo. Trena Hiriberri Arakilera iristeko autobia gainetik 587 metro luzerako zubia eginen litzateke. Hiriberrin gaur egun dagoen trenbidearen ondoan eraikiko litzateke AHT, hala abiadura handiko bi trenbide eta egungoa bezalakoa egonen lirateke Irañetako mugaraino (2+1). 20,5 metroko zabalera luke tarte horretan trenbide plataformak eta etxeetatik 50 metro baino gutxiagora pasako litzateke. Ihabar eta Bakaiku artean bi alternatiba daude egitasmoan.
Iparraldeko alternatiba
Bakaikura bitartean bi ibilbide posible zirriborratu dituzte. Iparraldekoa da Ministerioak hobesten duena. Aukera horrek 20 km-ko luzera du. Irañetako lehen etxeetara iritsi aurretik trazadurak iparraldera eginen luke, Aralarrerantz. Herrigunetik 50 eta 300 metro arteko distantziara legoke. 2+1 plataforma izaten segituko luke. Uharten trenbide saihesbide moduko bat eginen lukete eta Zamartze inguruan geltoki berria eraikiko litzateke. Amurgingo bidearen azpitik Arruazu eta Lakuntzarantz eginen luke. Lakuntzako industrialdearen parean egungo trenbide trazatuarekin bat eginen luke.
2+1 plataformak bihurgune zabalagoak beharko lituzke, beraz, Lizarragabengoako trenbide gaineko zubiaren inguruan iparralderantz eginen luke, Etxarriko araztegiaren parean egungo trenbidearekin bat egiteko. Etxarriko Epele basoaren parean egungo trenbideak bere trazatuari eutsiko lioke eta AHTk iparralderantz eginen luke. Bakaikuko GH enpresaren paretik pasako litzateke. Alternatiba horrekin trazadura Arakil ibai gainetik zazpitan pasako litzateke eta 200 eta 770 metro arteko sei biaduktu eraikiko lirateke. Guztira 1.488.381 m2-ri eraginen lioke.
Hegoaldeko alternatiba
Sakanako Autobiaren (A-10) hegoaldetik bideratu dute. Satrustegi iparraldetik eta Hiriberri Arakilgo hegoaldetik 100 metrora eginen lukete. Hiriberri Arakildik aldendu ahala trazadura hegoalderantz egiten du Arbizuraino. Irañetan auto kanpa eta abeltzainen nabeen artetik bideratuko dute plataforma. Uharte Arakilgo dermioan sartzeko 248 metro luze den tunel faltsu bat eginen litzateke eta igerilekuetatik 50 metrora eta Sargaitz industrialdetik 200 metrora eraikiko lukete tren plataforma. Arruazuko dermioan sartzeko 144 metro luzeko tunela eginen lukete. Arruazu hegoaldean, Beriain magalean dagoen basoaren aurrean 389 metroko luzera duen tunela aurreikusi dute. Horren ondoren trazatuak hegoalderantz egiten segituko luke.
Lakuntzatik Arbizuko dermioan sartzeko 1.366 metroko tunel bat eraikiko lukete. Tuneletik atera eta berehala trenak aurreratzeko espazio bat aurreikusi dute, Ferdaiako eta Utzubarko bideen arteko espazioa guztiaz aparte, Utzubar basoaren erdia hartuko luke azpiegitura horrek. Etxarri Aranatzen autobiako hegoaldeko sarbide-irteeraren ondotik pasako litzateke trazadura. Etxarriko Ilarrako bidea pasa eta berehala iparralderantz eginen luke trazadurak eta ekopasabidea baino 250 metro lehenago Aritzalko hariztia gurutzatuko luke. 754 metroko biaduktua eraikiko litzateke Arakil ibaiaren gainean, iparralderantz eta ondoren egungo bide konbentzionalarekin elkartuko litzateke berriro. Hegoaldeko alternatibak 1.446.983 m2 okupatuko lituzke
Iturmenditik aurrera
Alternatibek Iturmendin bat eginen eta Olatzagutia arteko tartea komuna litzateke. Aurreneko 3 km-ak 2+1 plataforma litzateke. Ondoren bereizi eginen lirateke, AHTko plataforma alde batetik, eta egungo trenbidea bestetik (trenbide zabalera iberikoa). Altsasun zabalera aldagailua aurreikusi dute, zabalera estandarreko trenek zabalera iberikoko trenbidera pasatzeko. Olatzagutiraino iritsiko litzateke eta, ondoren, egungo trenbide bikoitzarekin bat eginen luke.
AHTren zati hori aldi baterakoa litzateke, Euskal Autonomia Erkidegoko Y grekoa eta Nafarroako korridorea nola lotu erabakitzeko dute. Bi aukerek, Ezkio-Itsasokoa eta Gasteizkoa, Sakana hartzen dute.
Datuak
Iparraldeko alternatibak ukitutako lur azalera
Arakil 671.427 m2
Irañeta 63.286 m2
Uharte Arakil 207.715 m2
Arruazu 58.339 m2
Lakuntza 174.276 m2
Arbizu 8.606 m2
Etxarri Aranatz 230.974 m2
Bakaiku 73.758 m2
Hegoaldeko alternatibak ukitutako lur azalera
Arakil 552.210 m2
Irañeta 89.841 m2
Uharte Arakil 249.688 m2
Arruazu 77.984 m2
Lakuntza 41.673 m2
Arbizu 119.308 m2
Etxarri Aranatz 233.784 m2
Bakaiku 82.495 m2