2026 txirrindularitza denboraldia martxan da eta profesionalen eta afizionatuen mailako txirrindulariak datozen erronketarako prest daude. Iaz hiru txirrindulari profesional eta lau txirrindulari afizionatu sakandar genituen, eta aurten gora egin du kopuruak: lau profesional eta zazpi amateur sakandar ditugu.
Lau profesional sakandar
Tropel profesionalean iaz hiru txirrindulari genituen: Igor Arrieta Lizarraga uharte arakildarra (UAE Emirates), Iker Mintegi Claver altsasuarra (Euskaltel Euskadi) eta Ailetz Lasa Lizarraga ziordiarra (Tavira). Haiei aurten profesional mailan Kern Pharma taldearekin debutatu duen Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra batu zaie.
Guztiek ilusioz eta gogotsu ekin diote denboraldiari. Igor Arrietak Saudi Arabiako AIUla Tourrean ezin hobe hasi zuen sasoia, hirugarren sailkatu eta gero, podiumean igota. Uhartearra otsailaren 14an eta 15ean Murtziako Itzulian ariko da eta otsailaren 16an Jaeneko Klasikoan, Andaluzian. Ondoren Frantziako Klasiko batzuk, Paris-Niza eta Miguel Indurain eta Itzulia ditu jasota.
Iker Mintegik Valentzian hasi zuen denboraldia, klasikoetan, eta segidan Mallorcako Challengean aritu zen. Erorikoa izan zuen, baina, zorionez, susto txikia izan zen. Aste interesgarria datorkio: otsailaren 14an Portugalen lehiatuko da, Figueira Champions Classic proban, eta jarraian Andaluziako Vueltan ariko da, otsailaren 19tik 22ra.
Ailetz Lasaren Tavira taldea Portugaleko egutegian murgilduta dago. Larunbatean Figueira Champions Classic eta otsailaren 18tik 22ra jokatuko den Volta ao Algarve ditu jopuntuan. Ailetz Lasa Volta ao Algarveko hamarrekoan dago.
Debut polita
Iker Gomezek otsailaren 1ean Frantzian ekin zion denboraldiari, Grand Prix Cycliste de Marseille La Marseillaise ezagunean. Otsailaren 14an Figueira Champions Classic jokatuko du Portugalen, eta jarraian Andaluziako Vuelta. Segidan Greziako bidea hartuko du, otsailaren 28an eta martxoaren 1ean bi klasiko egitera. Gomez ofizialki aurten hasi da Kern Pharma talde profesionalean, baina iaz Finisher harrobiko talde afizionatuan zegoela Kern Pharmarekin stagiaire gisa aritu zen profesionaletan. "Aurreko urtetik esperientzia pixka bat nuen, baina, presarik gabe, profesionalen kategoria berriari ohitzea da asmoa. Lehen proba hauetan, erritmoa hartu arte kosta egiten zait, baina jarriko naiz" azaldu du Gomezek.
Zazpi txirrindulari afizionatu
Afizionatuetan Iparraldeko Essor Basque lasterketarekin hasi da 2026 denboraldia. Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak Euskadi Fundaziotik A Coruñako Equipo Cortizora egin du salto, amateurren bere laugarren denboraldia izango denean. Cortizo talde indartsua da, eta denboraldi polita egitea da Tadeoren helburua. Mikel Uncillak afizionatuen bere laugarren denboraldia betiko taldean egingo du, Rural Kutxa-Alea talde sakandarrean.
Junior mailatik amateurrera salto egin duten bi sakandar izango ditugu aurten tropelean. Ekaitz Perez Barrenetxea olaztiarrak Hostal Latorrerekin debutatuko du, eta Ekain Imaz Perez altsasuarrak Finisher taldearekin.
Nesketan, Nahia Imaz Perez altsasuarrak bigarren urtea egingo du Massi Baix Ter talde kataluniarrean. Bestalde, junior mailatik 23 urtez azpiko mailara bi sakandarrek eman dute saltoa: Ane Berastegi Jaka arbizuarrak (Grupo Eulen Amenabar) eta Ane Beltran de Heredia Fernandez altsasuarrak (Cantabria Rio Miera).