Astekaria

Dantzalekukoak, Hiru Herri Traileko podiumean

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 16a

Julen Fuentes eta Victor Fernandez, juniorren podiumean. DANTZALEKU SAKANA

traila  Agirre, Berastegi eta Fuentes txapeldunak izan ziren, Guirado eta Fernandez bigarren eta Perez hirugarren

Igandean Hiru Herri Traila jokatu zen Uharte Iruñean. Mendi korrikalariek euria, haizea eta lohia izan zituzten bidaide, baina hala ere lasterketak primerako erantzuna izan zuen eta makina bat sakandar aritu ziren. Proba nagusian (21 km) 200 korrikalari lehiatu ziren. Gizonezkoetan Aimar Otxoteko lesakarra (1:41:55) gailendu zitzaion Imanol Kañamaresi (1:42:26); Ander Erice arbizuarra hamaseigarren iritsi zen (1:58:36). Emakumezkoetan Izaskun Bereau leitzarra izan zen azkarrena (2:12:39). Aizea Beraza irintarra seigarren sailkatu zen (2:33:49).

Proba laburra, 8 km-koa, Markel Garaioak (40:07) eta Eider Cardeñosak (50:15) irabazi zuten. Hodei Ziganda egiarretarra hamaikagarren sailkatu zen (45:30), eta emakumezkoetan ez zen sakandarrik sailkatu.

NKJ-etan sakandarrak ikusgarri
Hiru Herri Trail, halaber, Nafarroako Kirol Jokoetako (NKJ) Trail Txapelketarako proba baliagarria zen. Dantzaleku Sakana atletismo eskolako korrikalariak ikusgarri aritu ziren. 

Infantiletan (2,6 km) Sihets Agirre izan zen txapelduna nesketan (14:19); Eider Perez hirugarren sailkatu zen (14:57). 

Kadeteetan (4,1 km), nesketan Maddi Berastegi gailendu zen (31:53). Mutiletan Ekhi Guirado bigarren iritsi zen (19:50), Martin Arguelles irabazletik segundo batera. Aratz Mendoza hamaikagarren sartu zen (29:31).

Juniorrek 8 km-ko proban parte hartu zuten. Julen Fuentes altsasuarra lehen juniorra izan zen, sailkapen orokorrean zazpigarren (43:19), eta Victor Fernandez irurtzundarra bigarren juniorra (45:07), sailkapen orokorrean hamargarren.