Astekaria

Bertsolariekin bertsotan

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko otsailaren 19a

Saats Karasatorre, Ekain Alegre eta Julio Soto, Altsasun egindako bertso saioan. UTZITAKOA

Julio Soto, Eneko Lazkoz, Ekain Alegre eta Maddi Ane Txoperena bertsolariekin aritzeko aukera izan dute Etxarri Aranazko eta Atsasuko ikasatetxetako bertso ikasleek. Hurrengo ikasleei bideratutako bertso saioa Arbizun izanen da, 27an.

Bertso ikasleendako bertso saioak egin dituzte Altsasun eta Etxarri Aranatzen, eta hurrengoa otsailaren 27an, ostirala, izango da, Arbizun. Saioan bi bertsolarik parte hartzen dute eta Saats Karasatorrek, bertso eskoletako irakasleak, gai jartzaile lana egiten du. Karasatorrek GUAIXE IRRATIAn adierazi zuenez, aurretik ere ikasleendako bertso saioak antolatzen zituzten, "baina beste formatu batean; igual bertsolari bat gonbidatu eta bi ikasle beraiekin batera". Aurten "saioari pisu handiagoa" emateko bi bertsolariekin egiten ari dira saioak: "Beste karga bat hartzen du, baita haurrendako ere". Orain arte egindako bidearekin "pozik" daude: "Bi egin ditugu eta oso ongi atera dira biak. Haurrak oso pozik ikusi ditugu, bai kantuz aritu direnak bai ikustera joan direnak". Modu positiboan baloratzen dute egitasmoa.

Ikastetxearen arabera bosgarren eta seigarren mailako ikasleek parte hartu dute bertso saioetan; Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako eta San Donato ikastetxeko seigarren mailako ikasleak eta Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako eta Zelandi ikastetxeko bosgarren mailakoak, Karasatorrek azaldu duenez. "Besteak ikusle gisa joan dira, hau da, Etxarriko bosgarren mailakoak eta Altsasuko laugarren eta seigarren mailakoak". Otsailaren 27ko saioan Lakuntzako eta Arbizuko eskoletako ikasleek parte hartuko dute. Ikastetxeetako bertso ikasleak ez ezik, bertso eskolara joaten direnak "eta kantatzea ez zegokiena kantatzera animatu da".

Zein da bertso ikasleen zeregina saioetan? "Batzuek aurretik prestatutako lana egiten dute, aurretik prestatutako bertsoak kantatzen dituzte, hasierako eta amaierako agurrak, esaterako; bertsoen bidez bertsolariei galderak egiten dizkiete eta gero beste talde batek bat-batean egiten ditu bertsoak, bi oinak emanda edo bukaera emanda bertsolariekin ofiziotan aritzen dira". Haurrek gai baten barnean beraien koplak kantatzen dituzte eta bertsolariek erantzuten dituzte. "Prestaketa lan horretan haurrak oso gogotsu ikusten ditut". Egunean bertan ere oso txukun aritu direla gaineratu du Karasatorrek.

Bertsoak
Julio Soto, Eneko Lazkoz etxarriarra, Ekain Alegre altsasuarra eta Maddi Ane Txoperena dira bertso saioetan parte hartu duten bertsolariak; Etxarri Aranazko saioan Lazkoz eta Soto izan ziren, Altsasukoan Alegre eta Soto eta Arbizun Alegre eta Txoperena izanen dira. "Bertso saioak egin ahal izan dugu Sakana Kooperatibaren dirulaguntza eskatu eta eman zigutelako; hortik bideratu ditugu". Saioak Etxarri Aranazko kultur etxean eta Altsasuko Iortia kultur gunean egin dira, eta ikasleek bertsolaritzaren nondik norakoak ikusteko aukera izan dute. "Ikastetxetik atera dira eta kultur etxeetara joan..."

Bertso eskolak bi lau hilekoetan banatzen dira, eta lehenengo lau hilekoa "borobiltzeko" bertso saioak antolatu dituzte: "Nik uste kurtso bukaerako bat bezala izan dela". Antolatzaileak oso pozik daude. Ikastetxetatik ere jarrera "oso ona" izan dela gaineratu du Karasatorrek, "hasieratik laguntzeko prest".

Bertso eskolen ikasturtearen bigarren "buelta" hasiko da orain; otsailean izena emateko aukera izango da: "Haurrak gustura ikusten ditut. Hainbat animatu dira eta Irurtzunen beste eskola bat atera da. Etxarri Aranatzen hor gaude eta bestetan taldeak finkatzen. Bertso eskoletan gustura". Bertso eskolen ekimenen barruan "zaharrenekin" eta herri desberdinetan bertso saioak egitea pentsatu dute, "Eskolartekorako prestaketa gisa".

Bertso eguna
2026ko Sakanako Bertso Egunak data eta herria ditu: maiatzaren 16an, Irurtzunen. "Irurtzungo Udalaren proposamena izan zen eta onartu zen. Orain egitaraua antolatzen ari gara". Lakuntzan izan zen 2025eko Bertso Eguna, eta aurten ere bi egitarau izango direla esan du Karasatorrek, haurrena eta helduena, "bi talde bezala".

Bertso egunean kantatzeko klasean "bertso sortak" prestatzea proposatu zuten. Bertso horiek transkribatu ziren eta guaixe.eus atariko Guaixe Komunitatean igo zituzten, "eta aurten ere asmo hori badugu".