Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlana jendaurrean jarri du. Haren berri emateko Arakilgo Udalak eta Sakana Trenaren Alde plataformak bi batzar deitu zituen Arakilen. Aurrena Izurdiagan egin zen otsailaren 5ean eta, atzena, Hiriberri Arakilen, otsailaren 12, ostegunean.
Plataformako kide batek eta Oihana Olaberria Jaka alkateak ministerioak proposatutako trazatuaren berri eman zuten. Hura eginez gero Arakilen sortuko lituzkeen eraginak zein izan ziren ere azaldu zuten. Horren aurrean alternatiba badagoela eta hori tren publiko eta soziala dela adierazi zuten. Bi proposamenak alderatu zituzten.
Ministerioaren egitasmoa bertan behera uzteko alegazioak sinatzeko aukera dagoela jakinarazi zuten. AHT egitasmoari alegazioak aurkeztu nahi dizkion arakildarrak udalaren webgunean sar daiteke, arakil.eus. Handik alegazio ereduak deskarga daitezke, bai norberak aurkez dezakeena, bai beste bat ordezkatuz aurkezteko beharrezko eredua edo talde baten ordezkari gisa aurkeztu beharreko eredua. Alegazioak martxoaren 6ra arte aurkez daitezke.