Carmen Martin Gaitek bere errelatu batean honelako zerbait esan zuen: “Bizi garen mundua hala dago antolatuta, eta badirudi gure inguruneak etengabe gehiago egiteko eskatzen digula oihuka: “Egin ezazu dena, egin azkarrago!”. Eta amaigabeak bilakatzen zaizkigun egiteko zerrenden men, larritasunez bizitzea da azkartasun horren ordaina”. Batzuetan, baina, ezinezkoa zaigu egunero betetzeko ditugun egitekoak azkar egiteari uztea.
Presa hori nondik datorkigun, barnetik edo kanpotik, jakitea ere ez da afera erraza, bietatik baitu askotan eskakizun horrek. Kanpoko zurrunbiloak eramaten gaitu batzuetan, baina baita jadanik gorpuztuta ditugun eta gure buruan beren kabia egin duten exijentziek ere. Zenbat eta azkarrago joan, orduan eta gutxiago konturatzen gara nola eta zergatik goazen hain azkar. Zein den helburua, zer nahi dugun.
Presak gure lehentasun pertsonalak eta profesionalak nahasten ditu, eta premiazkoa dena eta garrantzitsua dena alderantzikatu. Gauzak azkar egiteak egin beharreko horiek ongi egitea eragotzi dezake, zaildu, seguruenik gauza horiek beharko luketen arreta galarazi. Merkatuen logika geure buruei aplikatzen has gaitezke: bihurtu zaitez zure bertsiorik hoberena, hobetu zeure burua, inoiz ez da nahikoa.
Eta honen aurrean zer? Pausa dezagun erritmoa, deskonekta gaitezen tarte batez azkarregi bizitzera bultzatzen gaituzten gauza horietaz. Izan dezagun denbora interesatzen zaigun gai batean sakontzeko, azalekoarekin geratu beharrean. Har dezagun tartea ideiak sortzeko, irakurri ditugun liburuak ondo gogoratzeko, zeruari luze begiratzeko edo norabiderik gabe paseatzeko. Gihar bat lantzen dugun bezala, landu dezagun aspertzeko gaitasuna ere, guregana bueltatu dadila gauza sinpleek eman ahal diguten gozamena.