Gurasoak bidea euskaraz egitera gonbidatu dituzte

Guaixe 2026ko otsailaren 25a

Haurrak eta gurasoak jolas parkean. ARTXIBOA

2026-2027 ikasturteko aurrematrikulazio epea datozen asteetan irekitzea aurreikusten da. Nafarroako hainbat toki erakundek D eredua bulkatzeko kanpaina martxan jarri dute haien Euskara Zerbitzuen bitartez.

Seme-alabak ikastetxeetan matrikulatzeko kanpaina aurki hasiko da. Hori dela eta, Nafarroako hainbat toki erakunde, Sakanako Mankomunitatea barne, haurrak D ereduan matrikulatzearen aldeko kanpaina martxan jarri dute. Haren bidez Egin bidea euskaraz leloa zabalduko dute. Informazioa duen webgune batera daraman QR kodea duten kartelak jarriko dituzte eta udalen komunikazio kanalen bidez eree zabalduko da. 

Euskara teknikariek gurasoei jakinarazi nahi izan diete "euskarazko hezkuntza eleaniztunak, D ereduak, dituen interesetako batzuk". Azaldu dutenez, D eredua "haur eleaniztun eta inklusiboak hezten ditu, haien ezaugarri anitzak kontuan hartuz". Eta horrela haur horiek "mundu anitz eta dinamiko baterako prest" egonen direla. Euskara teknikariek gaineratu dutenez, "hamarkadaz hamarkada sendotutako eredua da, etenik gabe berritzen eta ontzen dena zure seme-alabendako egiten duen etorkizunerako bidaian". Teknikariek nabarmendu dutenez, "D ereduak prestakuntza tekniko eta sozial eleanitza eskaintzen die ikasleei, euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren ikaskuntza bermatuz, tokiko eta kanpoko erronkei erantzun ahal izateko".

Kanpaina sustatzaileek adierazi dutenez, "erakundeek eta ikastetxeek eskolatzea baino lehenagotik laguntzen diete familiei, hizkuntzak integratzeko eta euskara ikasgelan eta ikasgelatik kanpo bizitzeko tailerrak eta baliabideak eskainiz". Azaldu dutenez, hori guztia egiten dute "bertako kulturan murgilduz, gizarte hau osatzen dugunon jatorri ezberdinekin sentsibilizatuta dagoen hezkuntza komunitate atsegina eta solidarioa sortuz".

Kanpainaren Egin bidea euskaraz leloa gogoan hartuz, euskara teknikariek azaldu dutenez, "abantailaz (gizarte-harremanak, enplegua...) betetako etorkizunerako bidaia honetan, gurasoek ikastetxearen beraren laguntzaz aparte, erakundeen laguntza ere izanen dute. Izan ere, Euskara Zerbitzuaren bidez, baliabideak eskainiko dizkizuegu, hezkuntza prozesuan hizkuntzak modu integratuan txertatzeko, baita eskolatik kanpo ere". Argitu dutenez, "laguntza horri eskolatu aurretik ematen zaio hasiera, hainbat baliabide eskainiz, esate baterako, tailerrak, hitzaldiak, material ludikoak eta familiei zuzendutako jarduera eskaintza zabala".

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuko teknikariek gurasoei zuzenduta esan dutenez, "D ereduari buruz behar duzuen informazioa eskatu ahal izanen duzue". Horretarako, 948 464 840 telefono zenbakira hots egin edo euskara1@sakana-mank-eus e-posta helbidera idatz dezakete.