Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Tokiko Inbertsioen Planaren bidez, Sakanako hamaika herritan guztira hamabost lan egiteko dirulaguntzak eman ditu. Toki erakunde sakandarrek 3.712.159,84 euroko inbertsioa eginen dute. Eta lanak egiteko 1.654.073,44 euroko finantziazioa jasoko dute foru administraziotik ibarreko toki erakundeek.
Tokiko Inbertsioen Planaren sarerik gabeko zoladura-lanak inbertsio lerroaren barruan ibarreko zazpi lan erreserban gelditu dira, guztira 834.742,48 euroko inbertsioa ekarriko lukeena. Horiek egiteko aukera legoke hainbat udalek bere lanak egiteari uko eginez gero. Irurtzungo Udalak guztira 259.826,90 euroko inbertsioa egiteko bi egitasmo aurkeztu zituen. Alde batetik, Erga kaleko tarte bat zolatu nahi zuen (139.951,86 euro) eta, bestetik, NA-2409 eta NA-2410 errepideen arteko tarte bat zolatzeko dirulaguntza eskaera egin zuen (119.875,04 euro)
Uharte Arakilgo Udalaren bi lanetarako dirulaguntza eskaerak ere erreserban gelditu dira. Bien artean guztira 342.684,70 euroko inbertsioa eskatuko luke. Hilerriko sarbidea zolatzea (150.486,16) eta Amurgin, Txaroenea eta Santusenea kaleak egokitzea (192.198,54 euro) zen Uharte Arakil Udalaren asmoa.
Bakaikuko Udalak, berriz, udal eraikin baterako sarbidea zolatzeko lanak egin nahi zituen (4.379,96 euro), baina erreserban gelditu da. Bestalde, Iturmendiko Udalak hilerrirako bidea (35.828,36 euro) berritu nahi zuen gobernuaren dirulaguntzarekin, baina lan hori egin ahal izateko itxaron beharko du. Azkenik, Olatzagutiko Udalak Vicente Argomaniz plaza zolatzeko (192.022,56 euro) duen asmoa atzeratu beharko du, ereserban gelditu baita lana.
Foru administrazioak deialdian onartu ez dituen dirulaguntza eskaeren artean Sakanako bi daude. Bata Arakilgo Udalarena da. Hiriberri Arakilgo Zubiko eta Larrainak kaleak zolatzeko asmoa zuen, baina departamentuak ez du lehentasunezkoa jo. Bestetik, Dorraoko Kontzejuak bide bat eta horma bat luzatu nahi zituen Goikolarraleta kalean, baina, antza, eskaerak ez ditu deialdiko baldintzak bete.