Gazteluen bidez ondare turismoa sustatzeko pauso bat gehiago

Guaixe 2026ko otsailaren 23a

Aixita gazteluaren ikuspegia Irurtzundik. ARTXIBOA

Cederna-Garalurrek gotorlekuen berreraikuntza digitala eta bisita birtuala egiteko lanak eman ditu. 

Nafarroako Erresuma defendatu zuten gazteluen bidez, Plazaola, Sakana eta Ultzamako Turismo Espazioen Kudeaketa Unitateko eskualdeetako ondare turismoa sustatzeko asmoa du Cederna Garalur elkarteak. Zehazki, gotorlekuen berreraikuntza digitala eta bisita birtuala eskaini nahi ditu. Lan hori diseinatu, garatu eta ezartzeko lanak Innovae Group SM enpresak egin en ditu 56.000,62 euroren truke (BEZ barne). Lana finantzatzeko Garalurrek Europar Batasunaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren, NextGenerationEU funtseko dirulaguntza du. Enpresak kontratua gauzatzeko sei hilabete izanen ditu enpresak. 

Garalurrek ekimen horren bidez lortu nahi du, alde batetik, ondare historikoa modu berritzaile eta erakargarri batean erakutsi eta ezagutarazi hainbat bitarteko sortuz. Horri esker, bisitek kapilaritate handiagoa izango dute eta inguruko turismo fluxuak hobeto banatuko dira. Eta, bestetik, Plazaola-Sakana-Ultzamaldeko garapen iraunkorra bultzatuko duen turismo-eredu bat finkatu nahi du, bertako baliabideen babesa eta turismo jasangarrian erreferentziazko helmuga gisa duen proiekzioa bermatuz. 

Egitekoa
Enpresaren egitekoak dira: berreraiki beharreko indargune bakoitzaren dokumentazio historiko-arkeologikoa aztertu eta biltzea; horien argazkiak, planimetriak eta modeloak egitea; berreraikitze digitala egitea; irekian bisita birtualerako sarbidea eta euskarria sortzea; elementuak, fisikoak eta birtualak, sortzea, testu eta ikus edukiak lantzeaz barne eta, azkenik, horiek hornitzea eta instalatzea. Elkarteak lanerako gutxienez bost gotorleku identifikatu ditu. Baina enpresak gehiago egin ditzake.