Binakako Pilota Txapelketako finalerdiei begira, Laso-Albisuk (13 puntu) eta Elordi-Zabaletak (9 puntu) finalerdietarako lehen bi txartelak lortu dituzte. Finalerdietako beste bi bikoteak ligaxkako hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatu diren bikoteek jokatuko dituzten play-offetatik aterako dira: Zabala-Martija hirugarren izan dira (8 puntu), Altuna-Ezkurdia laugarren (7 puntu), Larrazabal-Mariezkurrena bosgarren (6 puntu) eta Jaka-Iztueta seigarren (6 puntu). Artola-Imaz (5 puntu) eta Etxeberria-Rezusta (2 puntu), txapelketatik kanpo geratu dira.
Gaur, otsailak 9 hasiko dira play-offak. Esan bezala, finalerdietako bi txartelen bila lau bikote ariko dira, eta sailkapenean lortutako postuaren arabera, aurrera egiteko aukera gehiago edo gutxiago izango dituzte.
Martija eta Ezkurdia, konfiantzarekin
Gaur, otsailak 19, ostegunarekin, hirugarrenak eta laugarrenak, hau da, Zabala-Martijak eta Altuna-Ezkurdiak elkarren kontra jokatuko dute Tolosako Beotibarren. Bi bikoteak konfiantza handiz iritsi dira play-offetara, ligaxkako azken jardunaldia irabazita. Ligaxkan elkarren kontra aritutako bi partidetan Zabala-Martija nagusitu ziren, 16-22 Vall d´Hebronen, eta 15-22, Azpeitian. Estatistikak euren alde daude eta agian horregatik eta egiten ari diren jokoarengatik Zabala-Martija faborito jo daitezke, baina kontuz Altuna-Ezkurdiarekin: behetik gora egin dute nabarmen, sailkapena irauli dute laugarren bukatuz, eta estatistikak apurtzeko prest daude.
Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerdietarako, eta galtzaileak bigarren aukera bat izango du otsailaren 22an, bosgarren eta seigarren sailkatu diren bikoteen arteko irabazlearen kontra.