Pilota

Ezkurdia eta Altuna izarren gisa sartu dira finalerdietara

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 20a

Ezkurdia eta Altuna, pozarren. EITB

Play-offetako lehen jardunaldian 22-12 hartu zituzten mendean Zabala eta Martija, txapelketako euren partidarik onena jokatuta. Zabalak eta Martijak finalerdietan sartzeko beste aukera bat izango dute otsailaren 22an Arrasaten

Baten batek baino gehiagok Altuna eta Ezkurdia kinieletatik kanpo utzi zituen behar baino lehenago. Baina kontuz Altunarekin eta Ezkurdiarekin. Azken uneraino ez dute amore ematen, eta hala erakutsi dute Binakako Txapelketa honetan. Ezkurdiak atzelari jokatzeko esperimentua ongi atera zaio Asperi, bikotea finalerdietarako sailkatu baita. Eta nola gainera. Ligaxkan laugarren sailkatu zirenez, hirugarren sailkatuak, hau da, Zabala eta Martija izan zituzten aurkari atzo Tolosako Beotibar betean jokatutako play-offetako lehen partidan. Izan ere, partidak ikusmin handia piztu zuen katedran. Askok Zabala eta Martija ikusten zituzten faborito, txapelketan erregularrago aritu direlako, baina Altunak eta Ezkurdiak behetik gora egin dute nabarmen eta bi bikoen arteko partida estuan garaipena lortu eta zuzenean sailkatu dira finalerdietara. 

Partida hasieran bi bikoak nor baino nor aritu ziren. 1-3 aurreratu ziren Zabala eta Martija, baina berdintzea eta 8-3 aurretik jartzea lortu zuten Altuna-Ezkurdiak. Lehia oso estuan, gorriek Zabala funditu zuten. Ezkurdiak bere partidarik onena egin zuen atzelari gisa eta Martijaren erasoak sendo eusteaz gain, agintzera pasa zen. Nolanahi ere, Zabalak eta Martijak ez zuten etsi eta 11-10 gerturatu ziren, baina hortik aurrera Altuna eta Ezkurdia izan ziren nagusi eta 22-12 gailendu ziren, txapelketako partidarik garrantzitsuenean ikusgarri arituz, mahaian kolpea jo, eta “hemen gaude” esanez. 

Guztira 701 pilotakada gurutzatu ziren frontoian. Altunak denetariko tantoak egin zituen, errepertorio zabalean, eta Zabalari oinetara jokatzen asmatu zuen. Eta aipagarriena, akaso, Ezkurdia izan zen, eroso aritu zelako, defentsan erritmo itogarria jarri zuelako airez, eta bi eskuekin ederki luzatu zuelako pilota. Zabala jokoz kanpo geratu zen, itota, erritmoari ezin eutsita, eta Martijak, nahiz eta hasieran pilota oso ondo luzatu eta markagailua ia berdintzea lortu, ezinean bukatu zuen, Zabala ez zelako beste partidetan bezain dirdiratsu egon. Errioxarrak pilotak motelegiak zirela esan zuen bukaeran.

Zabala-Martijak oraindik aukera badute
Ezkurdia eta Altuna hunkituta zeuden, pozik, bi aurrelariek lortutakoa ez baita gutxi: jokatzeko modu berrira ohitu, behetik gora egin eta finalerdietara sailkatu. Finalerdietan Laso-Albisu eta Elordi-Zabaleta dituzte zain. 

Laugarren bikotea nor izango den falta da erabakitzeko. Gaur, ostirala, Larrazabal-Mariezkurrenak eta Jaka-Iztuetak play-offetako bigarren partida dute jokoan, Amorebieta-Etxanon. Galtzailea txapelketatik kanpo geratuko da, eta irabazleak play-offetako azken partida jokatuko du Tolosako galtzaileen aurka, hau da, Zabala-Martijaren kontra. Beraz, Martijak finalerdietan egoteko beste aukera bat du. Zoragarria litzateke hiru sakandarrak finalerdietan egotea; ea hala den.