ELA, LAB, STEILAS, Etxalde eta HIRUk martxoaren 17ko greba orokorrerako deialdia egin dute. Haren bidez "gutxieneko soldata hemen eta orain erabakitzeko, eta 1.500 eurotan ezartzea" eskatuko dute. Sindikatuak lantokiz lantoki ari dira grebaren lanketa egiten, deialdiaren arrazoiak langileekin partekatzeko helburuarekin. Gainera, Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun greba orokorra prestatzeko bilerak egin dira azken egunetan. Hurrengo deialdia Altsasuko LABen egoitzan izanen da, otsailaren 26rako da, osteguna, 18:00etan. Grebaren eskualdeko diseinuaz ariko dira bertan.
Eragileek greba deialdia babestu dute
Euskal Herriko makina bat mugimendu sozial, kolektibo eta eragilek jakinarazi dute bat egingo dutela heldu den martxoaren 17ko greba orokorrarekin. Eragileen ordezkariek adierazi dutenez, "gaur egun indarrean dagoen gutxieneko soldatak ez du bermatzen bizitza duinik. Prezioen igoerak, etxebizitzaren garestitzeak eta elikagaien eta zerbitzuen kostuak gero eta handiagoak dira, prekaritatea handitzen ari den heinean, bereziki emakumeen, gazteen, migratuen, aniztasun funtzionala duten pertsonen eta sektore feminizatuetako langileen artean".
Eragileek salatu dutenez, "krisi ekonomiko, sozial eta ekologikoaren testuinguruan pobrezia eta prekaritatea hedatzen ari dira, eta aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen ari da". Horren aurrean, eragileen ordezkariek "bertan bizi eta lan egiten duten pertsona guztiek oinarrizko beharrak asetzeko adinako diru-sarrerak bermatzea ezinbestekoa" dela azpimarratu dute, "herri honen gizarte justizia eta burujabetza indartzeko bidean".
Eragileen aldarrikapenak ez dira soilik soldaten aldeko borrokara mugatzen; "greba orokor oro politikoa da eta beste proposamen sozialek ere espazioa izango dute martxoaren 17an". Esate baterako: genero arrakala ezabatzea, jatorriarekin edo arrazarekin zerikusia duen diskriminazio ororekin bukatzea, aniztasun funtzionala duten pertsonen bizitza hobetzea, zerbitzu publikoen defentsa, jende guztiarentzako etxebizitza duina bermatzea, pentsio eta prestazio sozialen hobekuntza, euskararen eta erabakitzeko eskubidearen defentsa edota lan prekaritatearen aurka borrokatzea.
Greba orokorraren deialdiarekin bat egin duten eragileetako ordezkariek azpimarratu dutenez, "egungo zaintza sistemak duen egitura klasista, arrazista eta patriarkala. Zaintza eta etxeko lanetan diharduten langile askok, gehienetan emakumeak eta pertsona migratu edo arrazializatuak, prekaritate baldintzetan jarduten dute, maiz dagozkien soldatak jaso gabe eta gehiegizko lan orduak eginez". Horren aurrean, "lan harreman justuak sustatzeko eta zaintza lanari aitortza, balioa eta baldintza duinak emateko beharra" aldarrikatu dute.
Sindikatuen greba deialdiarekin bat egin duten gizarte eragileek dei egin diete langileei, ikasleei, pentsiodunei eta herritar guztiei martxoaren 17an greban parte hartzera eta deitutako mobilizazioetan kalera ateratzera. Adierazi dutenez, “egoerari erantzuteko garaia da. Antolakuntza eta mobilizazioa dira bide bakarra lan eta bizi baldintza duinak lortzeko”. Greba orokorra babesteko manifestua sinatu dute. Hari atxikimendua adierazi nahi dionak labur.eus/M17Atxikimenduak loturaren bidez egin dezake.