Larunbatean, otsailak 21, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Taupa euskaltzaleen mugimenduak "hizkuntzen arteko elkartasuna aldarrikatzen" duen Euskaratik, hizkuntza guztiekin manifestua idatzi eta zortzi hizkuntzatan eman du: euskara, gaztelera, frantsesa, arabiera, errumaniera, txinera, portugesa eta ingelesa.
Taupako kideek manifestuan adierazi dutenez, "hizkuntza ez da soilik hitz egiteko tresna: mundua ulertzeko modua da. Memoria da, gorputza da, ahotsa da, kultura da, eskubidea da. Ama hizkuntza haurren lehen hitzak dira, ama hizkuntzan pentsatzen dugu, amesten dugu. Ama hizkuntzak sustraitzen gaitu gure jatorrira, ematen digu identitatea, garenaz hitz egiten du. Ama hizkuntza behar dugu eta berak behar gaitu".
Nabarmendu dutenez, "azken hamarkadetan Euskal Herria euskara ez ezik, beste hainbat ama hizkuntzaren bizitoki ere bada. Eta euskara aspaldikoa da, baina ez itxia. Mendeetan zehar sobera demostratu du bere erresilientzia, eraldatzeko, moldatzeko, bizirauteko izan duen gaitasuna". Taupako kideen iritziz, euskara "garaiotan kohesiorako hizkuntza da, gainontzekoen aitortzatik eraikitako elkarbizitzaren bideratzaile. Abegitsua da, 'gu' hitzean denok dugulako toki bat".
Ama hizkuntzak, eskubidea
Euskaltzaleen mugimendukoek azaldu dutenez, "hizkuntza bakoitzak mundu bat dakar. Hizkuntza bat galtzen denean, mundu bat itzaltzen da. Mundua ulertzeko modu bat. Oroitzapenak, ametsak, ahotsak". Taupako kideek adierazi dutenez, "ez dugu euskararik nahi beste hizkuntzen gainetik; euskara nahi dugu hizkuntza guztiekin. Beste hizkuntzak nahi ditugu euskararekin. 'Gu' hitzean denok dugulako toki bat".
Taupakoek adierazi dutenez, "ama hizkuntzak eskubidea dira. Haurren lehen hitzetan, helduen egunerokoan, kalean, eskolan, sarean. Eskubidea da norbere hizkuntzan bizitzea, eta bidezkoa da besteena errespetatzea. Berez ez dago hierarkiarik hizkuntzen artean; bada elkarrizketa, bada elkarbizitza", azpimarratu dute. Horregatik, euskaltzaleen mugimenduko ordezkariek "ama hizkuntza guztiak aitortu eta babestera" dei egin dute, "hizkuntza txikiak ikusezin bihurtzen dituzten egiturak zalantzan jartzera, hizkuntzen arteko elkartasuna eraikitzera. Euskara ez baita salbuespena. Haria da sare batean. Eta sare hori sendoa izango da bakarrik hari guztiak elkarri lotuta badaude".