Trenbide Plangintzako Azpizuzendaritza Nagusiak Kantauri-Mediterraneo trenbide korridorearen proiektuari buruzko informazio azterlana. Tartea Iruñea-Altsasu publiko egin zuen abenduaren 23an. Hari alegazioak aurkeztu dizkiote Itzako Aldaba, Otsobi eta Arizko kontzejuek, Sakanako udal guztiek, Altsasuk izan ezik, eta Aralarko Elkarteak. Arakilgo alkate Oihana Olaberria Jakak azaldu zuenez, "orain jokatzen ari gara azterlan hau aurrera eginen duen edo ez. Iruditzen zaigu orain dela momentua bai udalek bai sakandarrek ahal den guztia egiteko".
Udal ordezkariek esan zutenez, "Abiadura Handiko Trenaren (AHT) garraio ereduari lotutako azpiegiturek ingurumenean, gizartean, hirigintzan eta ekonomian inpaktu handia sortzen dute". Gaineratu zutenez, "garestiak, esklusiboak eta erabilera misto oso mugatua dute". Azterlanak proposatzen duenaren kontra egin dute "dagoeneko azpiegiturez gainezka dagoen ibar batean metatutako inpaktuak larriagotu eta egungo trenbidea ia desagerraraziko luke". Arruazuko alkate Gorka Ovejero Ganboak esan zuenez, "horren kontra gaudela adieraztea garrantzitsua da. Baina alegazioak aurkezteak ere herritarren gehiengoa proiektuaren kontra dagoela adierazteko aukera ematen du".
Bi alegazio
Aipatutako udal eta kontzejuek azterlanaren kontrako bi alegazio aurkeztu dizkiote. Olaberriak azaldu duenez, "hasieran udalei audientzia eman ziguten. Prentsaurrekoan egon garen Sakanako udalek eta Itzako kontzejuek elkarrekin alegazio bat aurkeztu genuen. Proiektuaren osotasunaren kontrako alegazioa da, ingeniaritza enpresa batzuekin egindakoa". Olaberriak azaldu duenez, "trazadura guztiari egindako alegazio juridikoa da aurkeztu genuena". Arakilgo alkateak azaldu duenez, "alegazio horren puntu garrantzitsuena da azterlanak ez duela kontuan hartzen dagoeneko landua dagoen alternatiba teknikoa, administrazio guztiek ezagutzen dutena". Alegazio hori aurkezteko epea otsailaren 4an despeditu zen.
Aipatutako Itzako eta Sakanako toki erakundeek aurki beste alegazio batzuk aurkeztuko diote Ministerioaren azterlanari. "Orain aurkeztear gauden alegazioetan udal eta kontzeju bakoitzak bere herriari begiratuko dio. Azpiegitura horrek herri bakoitzean izan litzakeen eraginak kontuan izanda, horien kontrako alegazioak aurkeztuko dituzte udal eta kontzejuek".
Arakilgo alkateak azaldu duenez, "udal eta kontzejuek elkarrekin egindako alegazioa dela eta, behartuta daude bi hilabeteko epea zabaltzera. Eta gurekin biltzera derrigortuta daude, eztabaidatzeko, hitz egiteko. Zergatik daude behartuta gurekin biltzera? Beraiek proposatu duten trazadura hori ez dagoelako udaletako hirigintza planetan". Hala ere, ez dakite noiz deituko dituzten.
Herritarren alegazioak
Azterlanari alegazioak aurkezteko aukera dute ere sakandarrek. Olaberriak nabarmendu duenez, "oso garrantzitsutzat jotzen dugu herritarrek alegazioak aurkeztea. Orain da momentua". Sustrai Erakuntza fundazioak eta Sakana Trenaren Alde plataformek alegazio ereduak egin dituztela azaldu du. Herrietako elkarte eta tabernetan horien kopiak eta buzoiak utzi dituzte. Hainbat udaletako webguneetan ere alegazioen eredua deskargatu daiteke. "Garrantzitsua da sakandarrek alegazioak betetzea eta aurkeztea". Martxoaren 6ra arteko epea dago horretarako.
Alternatiba
Prentsaurrekoan izan diren toki erakundeetako ordezkariek azaldu zutenez, Ministerioaren "planteamenduak erabat baztertzen du egungo trenaren modernizazio eredua". Gaineratu dutenez, AHTren azterlanaren "eredu horri kontrajarrita, trenbide eredu eraginkorragoa defendatzen dugu, ingurumenaren aldetik hain erasokorra ez dena, ekonomikoagoa dena eta interes publikoaren zerbitzura dagoena, hau da, Tren Publiko eta Soziala".
Ministerioak proposatutakoaren "oso bestelako trenbide eredua eskatzen dugu. Garraio sistema eraginkorragoa, justuagoa, ekologikoagoa eta jasangarriagoa egingo duen azpiegitura baten alde egiten dugu, beste sare batzuekin integratua eta inpaktu minimizatuekin". Toki erakundeetako ordezkarien iritziz, "herriak, eskualde buruak eta hiriburuak lotu behar ditu trenak, eta, merkantziei dagokienez, produkzio eta logistika gune nagusiak. Horrek sarearen, geltokien eta azpiegitura osagarrien modernizatze integrala eskatzen du, ez bakarrik abiadura handirako, baizik eta tren trafiko mota guztietarako, hiriburuak denbora lehiakorretan elkartzeko eta kalitatezko tren publiko eta sozial bat izateko aukera emanez".
Proposatutakoa gauzatuko balitz haren eraginak zein izanen liratekeen ere zerrendatu zituzten: "ingurumen kalte larriak eraginen lituzke Interes Komunitarioko Habitatetan; ibaia 25etan zeharkatzen du; 9 hondakin gune sortuko lirateke; 15 biaduktu berri eraikiko lirateke; ez luke karbono dioxidoaren isuriak aurrezten lagunduko eraiki eta 100 urte pasa baino lehen; kalte larria eragingo lieke 6 kultur elementu babesturi; hainbat herritan zaratagatik trenak ondorio larriak eraginen lituzke; inpaktu latza luke lurraldean eta ibilbideetarako kalkulatutako denbora Tren Publiko eta Sozialaren proposamenean planteatutakoaren antzekoa da".
Deialdia
Ovejerok gogoratu duenez, "gure borroka da dugun trena hobetzea, bikoiztea eta geltoki eta geratokiak indartzea. Hau 33 urteko borroka luzea eta neketsua da dagoeneko". Olaberriak gaineratu duenez, "momentu honetan, garrantzitsua da aurkeztu duten azterlanari oposizioa egitea". Kontzejuetako presidenteek eta alkateek jendea mobilizatzeko deia egin dute. Alegazioak betetzeaz aparte, Tren Publiko eta Sozialaren Aldeko plataformak deitu duen manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Altsasun izanen da, martxoaren 14an, larunbatarekin, 18:00etan.