Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketa duala lehen mailatik ezarri du. Ondorioz, enpresetan praktikak egin behar dituzte lehen mailatik. Horrek esan nahi du Sakana LH institutuko 260 ikasleek praktikak egin behar dituztela. Irakasleak ezarpen horren kontra protestan ari dira kurtso hasieratik. Esaterako, asteazkenean bilkura egin zuten. Gainera, ezohiko klaustroan, irakasleen aldarrikapenak jasotzen zituen idatzia onartu zen aldeko 40 botorekin eta bi boto txurirekin. Testu bera Nafarroako beste hamabost ikastetxeetan bozkatu da eta guztietan egin du aurrera. 993 irakasle, %84, aldarrikapenekin bat egin du.
Irakasleek eskatu dute legea "aurrerapenarekin, aurreikuspenarekin eta zehaztapenekin ezartzea" eskatu dute, Hezkuntza Departamentuak "korrika eta gaizki ezarri baitu".

Sakana Lanbide Heziketako irakasleak manifestazioan izan ziren. UTZITAKOA
Irakasleek ikasketa duala kudeatzeko orduak behar dituztela adierazi dute, "bestela ezin dugu egin. Ematen dizkiguten ordu horiek lektiboak izan behar dute. Orain ez dira. Lehen lau ordu genituen eta orain bakarra. Beraz, dualeko tutorearendako lau eskola ordu eskatzen ditugu". Jakinarazi dutenez, ikasketa plan zaharreko ikasleei praktiketan arreta emateko ordua espezifikoak eta esklusiboak ematea eskatu dute. Egin dituzten beste eskaera batzuk dira, esaterako: orientazio lanpostuetarako ordu gehiago, departamentuak ikasleak praktikak egiteko enpresen bilaketan parte hartzea, ikasleen beharrei behar bezala erantzuteko bikoizketen dotazioa edo ratio jaitsiera.
Ikasleek egoerarekin kezkatuta daude. Irakasleak pedagogia lana egiten ari dira. "Praktikak egin gabe ezin daiteke ikasturtea gainditu. Praktikak egin gabe, gerta liteke ikasleek titulurik gabe gelditzea". Horren lan merkatuan sartzea edo ikasten segitzea baldintzatuko lieke.
Departamentuak irakasleen eskaerak entzun ez dituenez, irakasleek manifestazioa egin zuten Iruñean, larunbatean, otsailak 28.