Eusfera, haurrendako unibertso euskaldunagoa eraikitzeko

Guaixe 2026ko otsailaren 3a

Haurrak Unanuko jolas parkean. ARTXIBOA

Martxoaren 4an, asteazkena, Eusfera unibertso euskaldunago gure harrentzat ekimenaren Sakanako aurkezpena eginen dute, Sakanako Mankomunitatearen egoitzan. 

Taupa euskaltzaleen mugimenduak Eusfera ekimena sortu du, unibertso euskaldunago bat gure haurrendako leloa duena. Taupakoek azaldu dutenez, Eusfera "0 eta 12 urte bitarteko haurren unibertsoan eragiteko ekimen nazional berria da, gurasoen parte hartze aktiboan oinarritua eta herriz herri antolatuko dena". Gaineratu dutenez, "Eusferaren helburua sinplea baina eraldatzailea da: haurren egunerokoan (aisialdian, kulturan, kirolean, etxeko hizkuntza praktiketan eta erreferentzia sareetan) euskararen presentzia handitzea".

Gurasoekin elkarlanean, haurrengan eragin nahi dute, etorkizunean haur horiek eremu guztietan euskaraz egitea posibilitatzeko. "Haurrek inguruan entzuten eta ikusten dutenetik ikasten dute. Imitazioz ikasten dute, ez bakarrik hizkuntza bera, baita hizkuntza hori noiz, nola edo norekin erabili ere. Horregatik, gure egitekoa izango da haien ingurua osatzen duten elementuak euskaraz ere izan litezkeela erakustea".

Lan horretan, gurasoen papera zentraltzat jotzen dute Taupakoek. Izan ere, 0 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoengan eragiteko ahalmen gehien duten sektorea dira. Eusferak adin tarte horretako seme-alabak dituzten guraso guztiei emango die parte hartzeko aukera. Izan ere, gurasoen euskara maila edozein izanda ere ekarpena egiteko aukera eskainiko dio ekimenak.

Ekimena 2025–2026 ikasturte osoan zehar ari da garatzen, baina jakinarazi dutenez, une gorena maiatzaren 7tik 17ra izango da. "Maiatza heltzean, Euskal Herri osoko herrietan, aldi berean, gauzatuko dugu ekimena; argi erakutsiz euskaraz bizi nahi dugula, euskaraz bizitzeko aurrerapausoak ematea posible dela eta etorkizun euskaldunagoa nahi dugula ere", azpimarratu dute Taupako kideek.

Kezka partekatua oinarri
Eusferaren jatorrian hainbat herritarren zein eragileren kezka dago: "eskolaz kanpo, haurren inguruan erdara gero eta gehiago entzun eta erabiltzen dute. Tamalez, azken ikerketek norabide horretan goazela erakusten dute, gainera". Egoera horri erantzuna ematera dator Eusfera. "Egungo gurasoak inoizko belaunaldi euskaldunena dira, eta haiek dute haurren egunerokoan eragiteko gaitasun handiena. Baina ez da beti jakiten nondik hasi edo nondik jarraitu. Horregatik sortu dugu Eusfera: tresnak, baliabideak, espazio berriak eta elkarlana eskaintzeko". Eusferaren baitan, alde batetik, gurasoek, norabanako gisa, "zer egin dezaket nire haurraren ingurua euskalduntzeko?" galderari erantzuteko bideak topatuko dituzte. Bestetik, modu kolektiboan umeak eta gurasoak elkarrekin aritzeko guneak sortuko dira. "Elkargune horiek euskarak ardaztuko ditu, hitzaren erabilera derrigorrezkoa duten ekintzen inguruan antolatuko dira eta guraso eta umeen parte-hartzea bultzatzen duten ekintza erakargarriak izango dira", azpimarratu dute Taupatik. 

Gurasoei zuzendutako ekimena izan arren, Eusferak ateak zabaldu dizkie herri eta eragile guztiei euskararen mesedetan lan egin ahal izateko. Horrela, guraso elkarteak, euskara elkarteak, ikastetxeak, udal teknikariak eta ordezkariak, aisialdi taldeak eta herritar euskaltzaleak gonbidatuta daude tokian tokiko taldeak osatu eta parte hartzera. Gainera, dei zuzena egiten diete herriei: "Haurren etorkizuna euskaraz irudikatzen baduzue, taldetxo bat sortu eta bildu Eusferara!" Horregatik guztiagatik, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak informazio bilera antolatu du. Martxoaren 4an, asteazkenean, 17:30ean izanen da, Lakuntzako Sakanako Mankomunitatearen egoitzan.