Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ikasturte honetako datuak jaso ditu. Horren arabera, euskarazko murgiltze ereduan ikasleen %80,8 ikasten ari dira. D ereduak Sakanan ikasle kopuru handiena 2020-2021 ikasturtean lortu zuen, %82,5. Beraz, maila horretatik behera dago kurtso honetako D ereduko matrikulazioa. Euskara Zerbitzutik azaldu dutenez, "ikasleak euskaran murgiltzen dituen D eredua da ibarrean ofizialak diren bi hizkuntzak ikasteko modurik onena". Hori dela eta, euskara hutsezko ereduaren aldeko informazioa gurasoen artean zabaldu atzera ere, haiek D ereduari buruz izan ditzaketen zalantzak uxatzeko.
Euskara Zerbitzuak jasotako datuen arabera, ikasturte honetan 2.625 ikasle daude matrikulatua Sakanako ikastetxetan Haur Hezkuntzan (HH), Lehen Hezkuntzan (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), aurreko kurtsoan baino 99 gutxiago. Datu horien arabera, bigarren urtez jarraian egin du gora euskarazko ikasketetako matrikulazioak, ikasturte bakoitzean 0,3 haziz. D ereduan ikasleen %80,8 ari dira ikasten. Guztira 2.121 dira, joan den urtean baino 71 gutxiago. D ereduak matrikulen %80ko langa 2013-2014 ikasturtean gainditu zuen. Goia 2018-2019 eta 2020-2021 ikasturteetan jo zuen matrikulazioaren %82,5ekin. Baina ordutik D ereduak behera egin zuen, baina joera hori azken bi urtetan hautsi da eta matrikula gehiago erakartzen ari da euskarazko murgiltze eredua.
A ereduak gaztelania ardatz eta euskara ikasgai du. Bi ikasturtetan matrikulak galdu ondoren, kurtso honetan gora egin du: matrikularen %15,9 du, 0,2 puntuko igoera. Eredu horretan 417 ikasle ari dira ikasten, aurreko ikasturtean baino dozena bat gutxiago. A eredua Irurtzunen eta Altsasun eskaintzen da. Azkenik, behera egin duen eredu bakarra, B eredua. Gaztelania eta euskara irakasteko baliatzen da eredu horretan, baina Altsasuko ikastetxe batean euskara gehiagorekin indartzen dute. Bere ereduak ikasleen %3,3 hartu ditu ikasturte honetan, 0,5 puntu gutxiago. Bigarren urtez kateatu du jaitsiera. Sakanan eredu horretan 87 ikasten ari dira, aurreko ikasturtean baino hamasei ikasle gutxiago dira. B ereduak 2020-2021 ikasturtean jaitsi zen matrikularen %4ko langatik, eta, ordutik, gora eta behera ari da.
Zikloka
Haur Hezkuntzan Sakanako ikasleen %18,82 ikasten ari da, guztira 494 ikasle dira. Aurreko ikasturtean baino 30 gutxiago, hau da, 0,42 puntuko jaitsiera izan da. D ereduan ikasleen %86,44 dago (427 ikasle, 97 gutxiago). Aurreko ikasturtearekin alderatuta 1,9 puntu egin du gora. A ereduari dagokionez, matrikulatutako ikasleen %8,91 dago hartan, 0,63 puntuko jaitsiera; 44 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino sei gutxiago. Azkenik, B eredua. Aurreko bi ikasturtetan matrikulek gora egin ondoren, aurtengoan behera egin du. B ereduak ikasleen %4,66 ditu, 1,26 puntu gutxiago. Eredu horretan 23 ikaslek ikasten dute, aurrekoan baino zortzi gutxiago.
Lehen Hezkuntza ikasten ari dira ibarreko ikasleen %47,01. Bestela esanda, 1.234 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino 0,16 puntu gehiago, baina 42 ikasle gutxiago. Ereduei erreparatuta, euskarazko murgiltze ereduan ikasleen %82,25 ikasten ari da. D ereduan 1.015 ikasle daude, 32 ikasle gutxiago eta 1,04 puntu gehiago. A ereduan ikasleen %12,56 dago. 155 ikasle dira, bi ikasle eta 0,26 puntu gutxiago. Azken hiru ikasturteetan beherako joera du. Azkenik, B ereduan azken bi ikasturteetan behera egin du matrikulazioak. B ereduak ikasleen %5,19 ditu Sakanan. Hau da 64 ikasle, zortzi ikasle eta 0,45 puntu gutxiago daude gaztelania eta euskara irakaskuntza hizkuntza dituen ereduan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan Sakanako ikasleen %34,17 ari da ikasten, 897 hain zuzen ere. Aurreko ikasturtean baino 0,24 puntu gehiago eta 27 ikasle gutxiago dira. D ereduak 0,27 puntu behera egin du eta matrikularen %75,70 du. Guztira 679 ikasle, aurreko ikasturtean baino 23 gutxiago. 2021-2022 ikasturtetik lehen aldiz DBHko D ereduko ikasleen kopurua 700eko langatik behera jaitsi da. DBHn ez dago B eredurik eta behe mailetan eredu horretan ikasi duten ikasleek DBHra iristerakoan gurasoek, normalean, A ereduan matrikulatzen dituzte, euskararen kaltetan. Ikasturte honetan ere hala izan da. Izan ere, A ereduak ikasleen %24,30 ditu. Guztira 218 ikasle dira, aurreko ikasturtean baino lau gutxiago eta 0,27ko jaitsiera. DBHko A ereduaren ikasle kopurua 2021-2022 ikasturtetik gora egiten ari zen ikasle kopuruan, baina kurtso honetan joera hautsi da.