Bukatu dira ihote ospakizunak eta ia konturatu gabe martxoan gaude. Hilabete beroak datoz, ez soilik datozen kirol probei begira, baizik eta Sakanako zenbait lasterketetan izena emateak zabalik daudelako.
Herri Kirol Jokoak, bitan Sakanan
Martxoaren 1ean hasi ziren Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuko dituen 39. Nafarroako Herri Kirol Jokoak. Martxoaren 1etik 29ra lau jardunaldi eta final handia jokatuko dira, guztira bost saio, beraz. Lehen jardunaldia Berriozarren jokatuko zen martxoaren 1ean, bigarrena martxoaren 8an erabakiko da Paz de Ziganda ikastolan (Atarrabia), hirugarrena martxoaren 15ean Altsasun eta laugarrena martxoaren 22an Arbizun, guztiak 10:30ean, eta finalak martxoaren 29an Basaburuan, 11:00etan. Alde batetik, herri kirol proba konbinatuak egongo dira jokoan, kimuen, haurren eta kadeteen mailan, eta bestetik, sokatira, haurren eta kadeteen mailan. Ohikoa denez, Sakanatik Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletan sortutako taldeak lehiatuko dira.
Iaz guztira 500 gazte inguruk hartu zuten parte, 55 taldetan, tartean sakandarrak. Herri kirol proba konbinatuetan kimuen mailan Andra Mari ikastola 3 taldea gailendu zen, infantiletan Iñigo Aritza laugarren izan zen eta kadeteetan Andra Mari hirugarren. Sokatiran haurren mailako txapela Andra Mari 3 taldeak eskuratu zuen eta Iñigo Aritza hirugarren izan zen, eta kadeteetan Andra Mari izan zen txapelduna.
Aurten, guztira 48 taldek hartuko dute parte. Kimuen proba konbinatuan 21 taldek jokatuko dute. Tartean, Andra Marik hiru talde prestatu ditu eta Iñigo Aritzak bi. Haurren proba konbinatuetan zazpi talde lehiatuko dira, Andra Mariren bi talde eta Iñigo Aritzaren taldea tartean, eta sokatiran beste zazpi talde, Andra Mariko bi talde eta Iñigo Aritzakoa tartean. Bukatzeko, kadeteen mailan zazpi taldek jokatuko dute, tartean Andra Mari ikastolako talde batek, eta sokatiran sei talde, Andra Mariko eta Iñigo Aritzako talde bana tartean.
Nafarroako Herri Kirol Jokoetako bi jardunaldi Altsasun eta Arbizun erabakiko dira
Txirrindularitza Altsasun
Profesionalen eta afizionatuen tropelak martxan daude, eta martxoaren 1ean txirrindulari juniorren denboraldia hasi zen Villatuertan, San Veremundo Zirkuituan. Martxoaren 15ean junior mailako 40. Udaberri Saria jokatuko da Altsasun, Burunda Txirrindularitza klubak antolatuta (80 km), eta martxoaren 29an atzera ere juniorrak Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako LXVII. Erramu Trofeoan lehiatuko dira (101 km).
Altsasuko Duatloia, bueltan
Nafarroako Triatloi Federazioaren egutegiaren arabera, otsailaren 28an Vianako Duatloia jokatuko da, aldi berean Nafarroako Txapelketa izango dena, martxoaren 7an Agoizko Duatloiaren txanda izango da, martxoaren 15ean Arangurengoa eta martxoaren 21ean Altsasuko Duatloia. Iaz ez zen jokatu, halako proba batek antolakuntza lan handia duelako eta Sakana Triatloi Taldearendako ezinezkoa izan zuelako, baina aurten bueltan da. Sakana Triatloi Taldeak Dantzaleku Sakana atletismo klubaren laguntza izan du eta elkarrekin XIV. Altsasuko Duatloia antolatu dute martxoaren 21erako. Goizean Nafarroako Kirol Jokoetako Altsasuko Duatloian lehiatuko dira kategoria txikikoak, 10:45ean Txioka parean eta 15:45etik aurrera helduen txanda izango da, Altsasuko plazatik abiatuta. Antolakuntzatik azaldu dutenez ohiko ibilbideak izango dira eta bakarka eta erreleboka lehiatu ahal izango da. Izena ematea zabalik dago Rockthesport webgunean.
Tamalez, Arbizuko Duatloiak kale egingo du aurten. Iaz bertan behera geratu zen nahikoa kirolarik izena eman ez zutelako, eta aurten ez da proba antolatu.
Erdoziatarren aizkora apustua
Egun berean, baina Zumarragan, Jon Erdozia eta Aritz Oiarbide Erdozia lehengusu etxarriarrek Unai Etxeberria “Osinalde eta Igoin Pikabea gipuzkoarrak izango dituzte aurkari martxoaren 21ean 18:00etan Zumarragako Beloki frontoian jokatuko den aizkora apustuan. 4.000 euro daude jokoan eta biko bakoitzak 20 kanaerdiko erdibitu beharko ditu. Etxarriarrak izan ziren apustuaren erronka bota zutenak, eta gazte gipuzkoarrek desafioa onartu zuten. Ikusmina handia da eta bi bikoak behar bezala prestatzen ari dira.
Herri kirolak, txirrindularitza, duatloia, aizkora... kirol egutegia betea dago
Olaztiko Rallysprinta, ate joka
Egunotan Nafarroako Automobilismo Federazioak 2026ko egutegia aurkeztu du. Egutegiko bi proba Sakanan jokatuko dira. Apirilaren 25eko Olaztiko Rallysprinta Nafarroako Asfalto Rallyen Txapelketako lehen proba puntuagarria izango da, eta urriaren 3an jokatuko den Urbasako Igoera Nafarroako Mendi Igoeren seigarren eta azken proba izango da. Bi probak Sakana Motorsport eskuderiak antolatuko ditu.
Lakuntza-Aralar, Triku Trail eta Ziordia, izena emateak zabalik
Mendi lasterketen egutegia pil-pilean dago eta zenbait probetako izena emateak zabaldu dituzte. Lakuntza-Aralar mendi lasterketan data aldatu dute aurten. Ekainean izan beharrean, maiatzaren 31n jokatuko da proba. Bi ibilbide izango ditu. Ohikoa, luzea (26 km, 1200 m+) edo laburra (13 km, 650 m+). Biak batera abiatuko dira, 9:30ean. Ibilbide laburra oinez egiteko aukera ere badago, 8:30ean. Izena ematea otsailaren 24an, asteartean, ireki zuten, Kronoak webgunean.
XII. Triku Trail ekainaren 28an jokatuko da. Aurten ere bi distantzia izango dira: ohikoa (21 km, 1300 m+) eta laburra (10 km, 565 m+). Bi probak 8:30ean abiatuko dira Etxarri Aranazko kanpinetik. Izena ematea martxoaren 1ean zabaldu zuten, Kronoak.com webgunean.
Lakuntza-Aralar eta Trikutrail probetako ibilbide luzeak Nafarroako Rankingerako puntuagarriak izateaz dira, eta Euskal Herriko Koparako puntuagarriak.
XIII. Ziordiko herri lasterketa solidarioa ekainaren 13rako antolatu du Ziordiko Running Taldeak. 17:00etan haurren lasterketa eta 2 km-ko martxa solidarioa abiatuko dira, eta 18:00etan proba nagusia (6,8 km). Izena ematea zabalik dago Ziordirunningtaldea webgunean.