Martxoaren 1ean hasiko dira Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuko dituen 39. Nafarroako Herri Kirol Jokoak. Martxoaren 1etik 29ra lau jardunaldi eta final handia jokatuko dira, guztira bost saio, beraz. Lehen jardunaldia Berriozarren jokatuko da martxoaren 1ean, bigarrena martxoaren 8an Paz de Ziganda ikastolan (Atarrabia), hirugarrena martxoaren 15ean Altsasun eta laugarrena martxoaren 22an Arbizun, guztiak 10:30ean, eta finalak martxoaren 29an Basaburuan, 11:00etan. Alde batetik, herri kirol proba konbinatuak egongo dira jokoan, kimuen, haurren eta kadeteen mailan, eta bestetik, sokatira, haurren eta kadeteen mailan. Ohikoa denez, Sakanatik Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletan sortutako taldeak lehiatuko dira.
Iaz guztira 500 gazte inguruk hartu zuten parte, 55 taldetan, tartean sakandarrak. Herri kirol proba konbinatuetan kimuen mailan Andra Mari ikastola 3 taldea gailendu zen, infantiletan Iñigo Aritza laugarren izan zen eta kadeteetan Andra Mari hirugarren. Sokatiran haurren mailako txapela Andra Mari 3 taldeak eskuratu zuen eta Iñigo Aritza hirugarren izan zen, eta kadeteetan Andra Mari izan zen txapelduna.
Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolen taldeak
Aurten, guztira 48 taldek hartuko dute parte. Kimuen proba konbinatuan 21 taldek jokatuko dute. Tartean, Andra Marik hiru talde prestatu ditu eta Iñigo Aritzak bi. Haurren proba konbinatuetan zazpi talde lehiatuko dira, Andra Mariren bi talde eta Iñigo Aritzaren taldea tartean, eta sokatiran beste zazpi talde, Andra Mariko bi talde eta Iñigo Aritzakoa tartean. Bukatzeko, kadeteen mailan zazpi taldek jokatuko dute, tartean Andra Mari ikastolako talde batek, eta sokatiran sei talde, Andra Mariko eta Iñigo Aritzako talde bana tartean.