Gazan su-etenaren aldeko Nafarroako osasun-komunitatea, Nasaf-ek deituta, Irurtzungo eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentrazioak egin ziren atzo, otsailak 26. Hileko azken ostegunero egin diren bilkura horietan Nasafeko kideek jakinarazi dute Teva? Ez, eskerrik asko boicot kanpainarekin bat egin dutela. "Boicot, Desinbertsioa eta Zigorrak (BDS) mugimendua askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko lidergo palestinarreko mugimendua da, eta Israeli boikot ekonomikoa egiteko lehentasunezko helburuetako bat gisa identifikatzen du Teva".
Genozidioa salatzen duten ekintzaileek lau eskaera egin zituzten. Aurrena herritarrei zuzendua: "Tevari alternatibak aktiboki eskatzeko, errezetetan eta farmazietan". Bigarren osasuneko profesionalei: "Teva ez agintzea baliokideak daudenean. Kontsultatik konplizitate katea haustea". Hirugarren eskaera farmazialariei zuzendu zieten: "Teva ez merkaturatzea edo ematea. Palestinako odolarekin zikindu gabeko beste laborategi batzuk lehenestea". Atzeneko eskaera administrazio publikoei, ospitaleei eta beste erakunde batzuei zuzendu ziete: ez dezatela Teva aukeratu erosketa publikoetan eta osasun-lizitazioetan hornitzaile gisa.
Azaldu zutenez, "Nafarroan, presio sozialak Osasunbideak Tevarekin 3 kontratu ez luzatzea lortu du, iazko urrian iragarri bezala. Hala ere, asko dago egiteko, eta ez bakarrik erakundeetan, jende gehiagorengana eta osasun-arloko profesional gehiagorengana iritsi behar dugu". Horregatik, "Tevari boikota egiteko beharra zabaltzera animatzen dugu, Palestinako basakeria gelditzeko. Ildo horretan, kanpainan zehar gertatzen diren ekimen guztien berri ematen jarraituko dugu".
Boicot deialdiaren arrazoiak
Azaldu zutenez, "Teva Israelgo farmazia enpresa bat da, generikoen merkatuan liderra Europan. Estatu espainiarrean, 2023an, Teva Osasun Sistema Nazionalari egindako salmenten bolumenagatik izan zen, hirugarren laborategia maila nazionalean, 70 milioi ontzirekin eta 500 milioi eurotik gorako salmentekin. 2024an, korporazioaren beraren arabera, 16.500 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituen mundu osoan egindako lanagatik".
Nasafekoek adierazi zutenez, "Tevak zergak ordainduz finantzatzen du Israel, legez kanpoko okupazioaz, apartheid sistemaz eta merkatu gatibuaz baliatzen da; izan ere, posizio pribilegiatuak ditu lurralde palestinar okupatuetako merkatu farmazeutikoan, Israelek medikamentuen inportazioa eta esportazioa kontrolatzen eta mugatzen baitu, eta Israelgo enpresei aukera ematen baitie muga-zergarik ordaindu gabe eta mugei aurre egin gabe jarduteko".
Gaineratu zutenez, " Tevak babes eta lankidetza zabala erakusten du Israel egiten ari den genozidioarekin: Israelgo langileen %10ek gutxienez armadarekin bat egin du, materiala eman die Israelgo Defentsa Indarrei, bere egoitzak soldaduentzako materialak biltzeko gune gisa ezarri dira eta bere bulegoetan armadari laguntza ematen dioten kartelak dituzte, Israelgo armadari laguntzeko beste ekintza batzuen artean".
Guztiagatik, osasungintzako eragileko kideek ondorioztatu dutenez, "gizateriaren aurkako krimenak egiten dituen erregimen bati eusten dioten enpresei boikota egitea betebehar moral, etiko eta legal saihestezina da. Are gehiago, Tevarena bezalako osasun-negozio bat palestinarrak kanporatzen dituen sistema baten parte denean".
Datuak
70.000 pertsona
Israelek genozidioan hil dituenak.
Bider hamar
Hildakoen kopurua handiagoa izan daitekeela uste da.
22.000 haur
2023ko lastailaren 7az geroztik Israelek Gazan hildakoak.
Milaka haur
Umezurtz gelditu dira genozidioaren ondorioz.
76 urte
Hori zen gazatarren bizi itxaropena genozidioa hasi aurretik.
41 urte
Hori da gazatarren bizi itxaropena gaur egun.
%92
Israelek Gazan suntsitu dituen etxebizitzen kopurua.