Altunaren eta Ezkurdiaren esperimentua geroz eta sendoagoa da. Binakako hasierako ligaxkan behetik gora egin zuten, play-offetan finalerdietarako sailkatuz, eta finalerdiak goitik hasi dituzte, lehen jardunaldian Elordi eta Zabaleta mendean hartuz (22-16).
Partidaren lehen erdia oso paretsua izan zen. Bi bikoteek primeran jokatu zuten, eta tanto oso gogorretan, bederatzina berdindu zuten. 9-9tik aurrera, ordea, gorriek ihes egin zuten eta partida apurtu zuten.
Altunak eta Ezkurdiak erritmo oso handia jarri zioten partidari eta Elordi eta Zabaleta bere onetik atera zituzten, oso gogorra izan zen partidan. 801 pilotakada gurutzatu ziren partidan Ezkurdia izan zen errege, atzelari gisa Binakakoan bere partidarik onena jokatu zuelako. Arbizuarra eroso aritu zen defentsan, eta Altunak erakustaldia eman zuen tantoak bukatzeko garaian. Zabaleta, aldiz, hasieratik deseoroso aritu zen. Arerioen erritmo eta abiadura handia zela eta, ez zuten jokoan asmatu, eta aurkarien jokoan ito egin ziren.
Garaipenarekin “oso pozik” zeuden Altuna eta Ezkurdia, eta txapela janzteko hautagaien artean daudela erakutsi dute.
Finalerdietako beste partida ere oso gogorra izan zen. Hasieran parez pare aritu ziren Jaka-Iztueta eta Laso-Albisu, baina azken hauek erasoaldi latza egin zuten, eta, azkenean, 13-22 gailendu ziren. Laso-Albisuk ligaxkan aritu ziren bezala ekin diote finalerdiei, irabazten.
Bigarren jardunaldia, tentsio handikoa
Ligaxkako bigarren jardunaldian lehen jardunaldiko bi bikote irabazleak elkarren kontra ariko dira. Gasteizko Ogetak hartuko du Altuna-Ezkurdia eta Laso-Albisu bikoteen arteko lehia martxoaren 8an. Partidak ikusmin handia piztu du, irabazleak hanka eta erdia baino gehiago final handian izango baitu. Lasori eta Albisuri ezin zaie faboritoen kartela kendu, baina berriro errepikatuko dugu: kontuz Ezkurdiarekin eta Altunarekin.
Galtzaileek, Elordi-Zabaletak eta Jaka-Iztuetak, martxoaren 7an jokatuko dute Donostiako Atano III.ean. Urrezko puntua dute jokoan.