Asteburuan mutilen lehen autonomikoko hemeretzigarren jardunaldia jokatu zen eta Sakanan ez zuen punturik utzi.
Xotak Eskirotzen jokatu zuen, Instalaciones Los Saucesen kontra. Hasieran bi taldeak parez pare aritu ziren. Xota hiru aldiz aurreratu zen Imad El Ougdi eta Jorge Alberto Alzamorari (2) esker, baina Los Saucesek hiruna berdindu eta hortik aurrera aginte makila hartu zuen, partidari buelta eman eta 5-3 aurreratuz. Andres Felipe Cadenak 5-4 gerturatu zuen Xota, baina Los Saucesek beste bi gol sartu zituen eta 7-4 irabazi zion Irurtzungo taldeari.
Arbizu Kirol Taldeak Gazte Berriak liderraren kontra jokatu zuen Antsoainen. Partida oso borrokatuan, etxekoak aurreratu ziren. Behin eta berriz saiatuta, bana berdintzea lortu zuen Mattin Petriatik. Pozak gutxi iraun zuen, Gazte Berriak erasora pasa eta 3-1 irabazi baitzuen.
Altsasuk Ibararte bigarrenaren kontra jokatu zuen Zubirin. Liderrak ez zien altsasuarrei aukerarik eman eta 7-0 aurreratu zen. El Mahdi Mabchourrek bukaeran Altsasuren gol bakarra sartu zuen eta horrela bukatu zen partida, Altsasuk 7-1 galduta.
Datorrena
Mutilen lehen maila autonomiko liderra Gazte Berriak da (49 puntu), puntu bakarrera Ibararte duela (48 puntu). Xota hirugarren da (41 puntu), Arbizu Kirol Taldea laugarren (39 puntu) eta Altsasu hamabigarren (4 puntu). Hogeigarren jardunaldian Xotak sailkapenean bosgarren den Universidad de Navarra du aurkari martxoaren 5ean, 20:00etan, Iruñean. Arbizu Kirol Taldeak zortzigarren den Vulcanizados Ruiz Tafa hartuko du martxoaren 6an, 20:30ean, Arbizuko kiroldegian. Altsasuk etxean jokatuko du, martxoaren 5ean, 20:30ean, Gazte Berriak liderraren kontra.