Feminismoari esker norberaren gorputzari buruz erabakitzea eskubide bat da. Feminismoari esker norberaren dirua kudeatzea eskubide bat da. Feminismoari esker dibortziatzea eskubide bat da. Feminismoari esker berdintasunean ikastea eskubide bat da. Feminismoari esker gaur aukera dugu izan, egon, esan eta erabakitzeko. Feminismoari esker askatasunez mugitzea eskubide bat da. Feminismoari esker botoa ematea eskubide bat da.
Mezu horiak guztiak zabaltzen dituzte Nafarroako toki eta lurralde entitateek Emakumearen Nazioarteko Egunerako argitaratu dituzten kartelak. Kanpaina horrekin bat egin dute ibarreko toki erakunde guztiak, sustatzaileak baitira Sakanako Mankomunitatea eta Altsasuko Udala.
Adierazpena
Kartelekin batera, Nafarroako udal eta mankomunitateek gaur izan, egon, esan eta erabaki dezakegu erakunde adierazpena onartu dute. Horrekin batera, lau konpromiso hartu dituzte. Aurrena da "sentsibilizazio eta komunikazio ekintzak bulkatzea, feminismoaren lorpen historikoei eta horrek eguneroko bizitzan izan duen eraginari balioa emateko, diskurtso antifeministen aurrean herritar informatu eta kritikoak izan gaitezen". Horrekin batera, toki erakundeek konpromisoa hartu dute "tokiko politika publikoetan genero ikuspegia zeharka txertatzea, berdintasunerako benetako aurrerapausoak bermatuz".
Hirugarren konpromisoa da "berdintasunean eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza indartzea, desberdintasunei eta indarkeriei aurre hartzeko funtsezko tresna gisa, batez ere gazteenen artean, betiere teoria eta historia feministari balioa emanez". Atzeneko konpromisoa da "mugimendu feministaren eta elkartegintzaren lana aitortzea eta babestea, kohesio sozialari, justiziari eta demokraziari egindako ekarpen historikoa eta egungoa baloratuz".
Ziurtatu dutenez, "ekintza horiek guztiek Nafarroa bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta demokratikoagoa eraikitzen lagunduko dute, konkistatutako eskubideen defentsarekin eta hedapenarekin konprometitua. Izan ere, gaur egun eskubideez eta askatasunez gozatzen badugu, borroka kolektiboari esker da. Feminismoak ekarri gintuen honaino. Feminismorik gabe ez dago erabateko demokraziarik".
Zergatia
Toki eta lurralde entitateek onartutako idatzian "ezinbesteko errealitate bat gogorarazi" nahi izan dute: "gaur egun barneratuta ditugun eta gure eguneroko bizitzaren parte diren eskubide eta askatasun asko mugimendu feministaren borrokei eta historian zehar emakumeen antolamendu kolektiboari esker lortu dira".
Erakunde sinatzaileek adierazi dutenez, "diskurtso antifeministen edo erredukzionisten bidez feminismoa zalantzan jartzen edo deslegitimatzen den testuinguru sozial batean, haren eginkizun erabakigarria aldarrikatu behar da garapen sozialean, eskubideen hedapenean eta sistema demokratikoaren indartzean". Ziurtatu dutenez, "feminismoa ez da eguneroko bizitzatik kanpo geratzen, ezta ideologia iragankor batetik kanpo ere: indar historiko bat da, pertsona guztien bizitza eraldatu duena, gizon zein emakume, eta bizi garen oraina ahalbidetu duena".
Adierazpena bere egin duten toki eta lurralde erakundeek esan dutenez, "azken mendean zehar, eta ez erresistentziarik gabe, feminismoak funtsezko mugarriak bulkatu ditu, egun zalantzan jartzen ez direnak". Azaldu dutenez, "borroka horiei esker, emakumeek boto eskubidea eta parte-hartze politikorako eskubidea lortu zuten; berdintasunean hezteko eskubidea; lan ordaindua, norberaren dirua kudeatzeko eskubidea eta autonomia ekonomikoa; mugitzeko askatasuna; dibortzioa; eta norberaren gorputzari buruz erabakitzeko eskubidea, sexu eta ugalketa eskubideak barne. Era berean, feminismoa funtsezkoa izan da zainketen banaketaren balio soziala eta ekonomikoa ikusarazteko eta aldarrikatzeko, horiek gabe ezin baita bizitza sostengatu".
Gaztigatu dutenez, "aurrerapen horietako bakoitza ez zen ezerezetik heldu, ez ziren egun batetik besterako prozesuak izan. 300 urteko oinarri teorikoaren, hausnarketa kritikoaren, mobilizazioaren eta emakume belaunaldien iraunkortasunaren emaitza dira". Hala ere, "borroka horiek deslegitimatzen, minimizatzen edo ukatzen dituzten diskurtsoak ugaritzen ari dira gaur egun, berdintasuna lortuta dagoela esanez edo feminismoa mehatxu gisa aurkeztuz. Diskurtso horiek, historiari ezikusiarena egiteaz gain, arriskuan jartzen dituzte konkistatutako eskubideak, eta zaildu egiten dute berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egitea".
Martxoaren 8ko adierazpenaren sinatzaileek esan dutenez, "horren aurrean, berresten dugu feminismoa justizia sozialerako aldaketaren motorra izan dela eta izaten jarraitzen duela, eta horrek eskubideak ugaritu dituela, ez bakarrik emakumeendako, baita jendarte osoarendako ere. Haren balio historikoa eta egungo indarraldia aitortzea erantzukizun instituzional eta demokratikoa da".