Aliantzetarako dei feminista

Guaixe 2026ko martxoaren 9a

Mugimendu feministaren banderak. ARTXIBOA

Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an 'beste mundu bat feminismotik' leloa plazaratu du. Kideek adierazi dutenez, "hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak"

Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunari testuingurua eman dio Euskal Herriko Mugimendu Feministak: "munduaren luze-zabalean gerra, desberdinkeria eta askotariko indarkeriak nagusi dira". Feministek adierazi dutenez, "urtero bezala,  arrazoiak soberan ditugu kalera ateratzeko. Gure herri eta auzoetan ere lurreratzen baitira indarkeria horiek guztiak". Horregatik, lehenik eta behin, gogora ekarri zituzten otsailaren 20an Sarrigurenen gizon batek eraildako emakumea, Tatiana, eta larri zauritutakoa. Era berean, "elkartasun eta babes besarkada bana bidali nahi diegu munduko hamaika txokotan erresistentzian eta borrokan dabiltzan feministei; Palestina, Venezuela, Sahara, Kurdistan…zuekin gaude". Feminismoa borroka internazionalista ere badela aldarrikatu zuten. 

Feministek ohartarazi zutenez, egunerokoan "noraeza, etsipena eta beldurra gailentzen ari dira sarri, eta horrek immobilizaziorako joera ekar lezake". Baina mugimendu feministako kideek "aspaldi ikasi genuen kolpatzen gaituen sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonial eta arrazistak darabiltzan estrategien ondorioa besterik ez direla, eta ez garela batzuek nahiko luketen bezala etxean geratuko, isilik eta otzan".

Gaineratu zutenez, "aipatutako sistema horrek askotariko zapalkuntzak betikotzeko egiturak martxan ditu, gorputz eta lurralde bakoitzean era batera edo bestera lurreratzen direnak". Feministen iritziz, gaur egungoak "desberdinkeriak areagotzen ari diren" garaiak dira, "zapalduak are zapalduago dira, eta boteretsuak are boteretsuago". Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek nabarmendu zutenez, "hori errealitate materialetan ikus dezakegu; etxebizitzarako sarbidea nork duen eta nork ez, baliorik gabeko lanetan nor dabilen eta nor ez, ea nork egindako lanak diren prekarioen, nor den hainbat eskubideren jabe eta nor ez, eta abar. Finean, nor kolpatzen du geroz eta gehiago sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak?"

Espazioak 
Martxoaren 8 dela eta, Euskal Herriko Mugimendu Feministak azken urteetan martxan jarritako borroka ugariak zerrendatu zituzten: indarkeria matxistaren aurkako protokoloak, espazio seguruak sortzeko ahaleginak, zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko Greba Feminista Orokorra, tokian tokiko problematikei aurre egiteko dinamikak (lantokietan, jai batzordeetan, kaleetan)… "Pausoak egiten ari bagara ere, oraindik asko dugu egiteko". Baina mugimendu feministak aldarrikatu duten beste mundu baterako pausoak egiteko interpelazio zuzena egin zieten instituzioei, patronalei, gizonezkoei eta sistema hau betikotzen dutenei: "asko duzue egiteko. Urgentziaz diogu: hartu dagokizuen ardura!"

Feministek ere haien hitzen erabilera okerra salatu zuten: "egiturak sostengatzen dituzten horiek berek, feminismotik eraikitzen ari garen diskurtso eta proposamenak bereganatzen dituzte, itxurakeria hutserako, edo are larriagoa dena, feminismoaren aitzakipean bestelako neurri eta diskurtsoak zabaltzen dituzte. Arrazakeria, esaterako". Horregatik, "feminista zurioi, horrekiko ardurak hartzea eta diskurtso horiek salatzea eta moztea dagokigu. Ez dago erdibiderik".

Martxoa bete aldarrikapen 
Mugimenduko kideek azaldu zutenez, "kalera atera gara, feminismotik langile klasearen alde borrokatzera, baina martxoan baditugu borrokarako beste data ugari, eta horietan denetan parte hartzeko deia egiten dugu, arduraz eta indarrez". Feminismotik zehaztutako martxoko agendako aurreneko data martxoaren 17a da, sindikatuek deituriko Greba Orokorra. "Feministok asko dugu esateko 2023ko Greba Feminista Orokorrean ezarritako mugarri eta aldarrietatik", azaldu zuten. 

Martxoko agenda feministako bigarren data martxoaren 21a da, arrazakeriaren kontrako eguna. "Zuriok asko dugu egiteko oraindik dugun boteretik desplazatzeko eta arrazakeriak suposatzen duen indarkeriarekin mozteko". Hurrengo data martxoaren 30a izango da, Etxeko eta zaintza langileen eguna. Mugimendu feministako kideek azaldu zutenez, "zaintza lanak prekaritatearen, emakumearen eta arrazakeriaren sinonimo dira egun. Zaintza kate globalean dugun lekuaz jabetu eta horrekiko ardurak hartzeko unea da, zaintza sistema publiko bat aldarrikatzearekin batera eta pribatizazioarekin bukatzeko eskatzearekin batera". Eta feministek egindako enplazamenduari jarraituz, hilabeteko azken aldarrikapen eguna martxoaren 31 da, Trans ikusgarritasunaren eguna. Feministen iritziz, "trans pertsonen eskubideen alde kalera ateratzeko eguna da hori. Trans gorputzak ere sistemak jo puntuan dituen gorputzak baikara, baina ez gara soilik gorputz zapalduak, alternatiba gara eta hori aldarrikatzera aterako gara".

Aldarrikapen egunez betetako agenda hori kontuan izanda, feministek nabarmendu zutenez, "askotariko mugimenduetatik gabiltza eragiten, baina, guk argi dugu ez dugula feminismorik eta antiarrazismorik gabeko mugimendurik nahi, ezta mundurik ere". Horregatik, feminismotik beste mundu bat eraikitzeko deia egin zuten. "Hori lortzeko antolakuntza eta borroka dira gure armarik indartsuenak". Eta "nor bere lekutik aliantzak, sare sendoak, eraikitzeko" deia egin dute: "askotariko zapalkuntzen bitartez sostengatzen den sistema honi erantzun diezaiogun askotariko gorputz eta borroketatik".