Itaiak egin berri du bere lehen kongresua. Hartan bere oinarri politikoak zehaztu ditu. Testuinguru horretan iritsi zenMartxoaren 8a.
Emakume langileak zapalduta daude?
Gaur egun, emakume langileok oraindik ere zapalduta jarraitzen dugu. Lan-esparruan asko eta asko gara baldintza prekarioetan lanean gabiltzan emakumeak (soldata baxuagoak, ordaindu gabeko lan orduak, lan partzialak…). Eta krisi testuinguru honetan, lan baldintzak okertzeaz gain, zerbitzuen pribatizazio eta murrizketek are gehiago okertu dituzte emakume langileon bizi baldintzak: zaintza edota osasun sexual zein erreproduktiboko zerbitzuak desegiten ari dira, kalitatea okertuz eta zerbitzu horietarako sarbidea mugatuz. Lan-esparrutik haratago, emakumeok kulturalki eta sozialki azpiratuta mantendu eta egoera hori normalizatzea beharrezkoa da (indarkeria matxistaren aurpegi ezberdinak, kontsumo-objektu irudia indartzea…). Gainera, faxismoa eta ideologia baztertzaileak ugaritzen ari dira, gure zapalkuntzan sakonduz.
Politika feministen zein balantze egin duzue?
Guk balioan jartzen ditugu milaka emakumek gure eskubideen alde egindako ahalegin guztiak; are gehiago, eskubide kolektiboak eskuratzeko eta emakumeon askapenaren aldeko kontzientzia hedatzeko balio izan dute. Baina azken urteetako politika feministetan zenbait muga identifikatzen ditugu. Alde batetik, emakumeon eskubideen aldeko borroka instituzionalizatu egin da, estatu kapitalista bihurtu dute joko-zelai, eta ondorioz, aldarriak eta borrokak politikagintza instituzionala indartzera bideratu eta mugatu dira. Horren ondorioz, ezinbestekoak diren kale mailako borrokak eta mobilizazioak indarra galduz joan dira. Gainera, gobernu politika feministek klase ertaineko emakume batzuentzat hobekuntzak lortu arren, aldaketa substantzial gutxi eragin dituztela ikusi da emakumeon gehiengoan, kasu askotan, emakume proletarizatuenak kanpo geratuz. Bestalde, klase-perspektiba galdu da, eta ondorioz, emakume langileon problematikak zentralitatea galdu du. Horren isla da M8aren eguna, jada ez zaio Emakume “Langilearen” eguna deitzen. Emakume guztiok posizio berdinean gaude? Interes berdinak ditugu?
Zuen proposamen politikoaren helburua zein da?
Gaur gaurkoz, emakume langileon bizitzak pobrezian eta indarkerian daude oinarrituta, eta, gainera, ez dugu inolako babes politikorik horri aurre egiteko. Faxismo eta matxismoaren gorakada momentuan, ideologia guztietako politikariek ez dute egoera hori iraultzeko inolako programarik. Testuinguru honetan, emakume langileon problematika erdigunean jarriko duen proposamena garatzea urgentziazkoa da: matxismoaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeon eskubideen alde. Norabide horretan, eta interes ekonomikoetatik eta agenda instituzionaletik kanpo, gehiengoaren ongizatean eta berdintasunean oinarrituko den botere-eredu berri bat eraikitzea beharrezkoa ikusten dugu, hots, Estatu Sozialista.
Horretarako, zein arlotan eginen duzue indar?
Zapalkuntza gainditzeko bide orri politiko eguneratu bat garatzeari ekin diogu, zeina momentuko beharrizanei eta gaitasun politikoei estuki lotua egongo den: kalitatezko lan baldintza berdinak guztiontzat; zaintza lanen sozializazioa; indarkeria matxistarekin amaitzea; emakume langileon gorputzen salerosketa amaitzea; kalitatezko abortua doakoa eta unibertsala; 6) Seme-alabak izateko baldintzak bermatzea eta osasun sexual eta erreproduktiborako kalitatezko eta doako zerbitzuak bermatzea.
Martxoaren 8an zein mezu zabaldu duzue?
Kalean faxismoaren eta matxismoaren aurkako euste-horma bat eraiki behar dugula argi erakutsi nahi dugu, eta borroka horretan emakume langileok lehen lerroan egon behar garela. Eta emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba politiko iraultzaile bat zabaldu nahi dugu. Edonork ospatzen duen egun protokolario bat izateari utzi eta M8aren izaera borrokalaria berreskuratu nahi dugu. Gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak, objektu gisa tratatzen gaituztenak edo gure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituztenak seinalatzeko eguna da. Borrokan ekarpena egin nahi duen orori, mobilizatzeko eta antolatzeko dei egin nahi diogu.