Astekaria

"Ematea beste pertsona bati bizitza ematea da"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 10a

Jose Antonio Erce Garcia aferesi ematea egiten. UTZITAKOA

Gaixo dagoen gazte burundar batek hezur muineko transplantea behar du sendatzeko. Ingurukoek emaile izateko deialdia egin dute. Jose Antonio Erce Garcia Nafarroako Odol Bankuko zuzendaria da.

1. Zer da hezur muina?
Gaur egun, odolarekin batera, organotzat hartzen da. Gehienbat hezurren barruan, hezur muinean, dauden zelulen multzo bat da. Han ama zelulak daude. Zelula horiek memoria genetikoa dute, eta organismoaren premien eta estimuluen arabera, biderkatu, bereizi eta aurrera egiten dute, odoleko zeluletako elementu guztiak sortzeko.  

2. Zein dira?
Globulu gorriak, plaketak eta globulu txuriak.

3. Zertan erabiltzen da hezur muina?
Sortzetiko edo hartutako odoleko minbizietako batzuk behin kontrolatuta edo arinduta, tratamenduaren osagarri gisa edo hurrengo pauso gisa. Hezur muina erabiltzen dugu organismoari huts egiten ari ziren funtzioak berreskuratzen laguntzeko, eta, are gehiago, zelula gaizto horri erasotzen laguntzeko ere. Guk muin berri batekin ordezkatzen dugu kaltetutako muina edo gaizki funtzionatzen duen muina. Ez dugu hezurra husten eta muina osorik jartzen dugu.

4. Nola ematen da hezur muina?
Aferesi makinekin. Odola prozesatzen dugu, eta zainetan zirkulatzea lortzen dugun zelula amak modu selektiboan eta espezifikoan bereizten ditugu. Zelula horiek gorde egiten ditugu, eta behar duen pazienteari transfusio bat balitz bezala sartzen dizkiogu. Horrela, zentzuzko denbora bat igaro ondoren, kaltetutako muinaren funtzioa berreskuratzen laguntzen dugu. 

5. Zein izan daiteke emaile?
Osasunez ongi egon behar da, 50 kilo baino gehiago izan eta infekzio edo gaitz genetikorik ez izatea. Emailea zenbat eta gazteago, orduan eta hobeak dira emaitzak. Emaile gisa izena eman eta erregistroa egiteko 18 eta 40 urte artean izan behar da. Emateko garaian, baldin eta bateragarririk aurkitzen ez badugu, 60 urte bete arte izan daiteke emaile. 

6. Horretarako zer egin behar da?
Odol Bankutik pasa, edo herrietara odola emateak hartzera etortzen direnean egin daiteke. Hitzordua eskatu 848 422 500 telefonora deituz, edo adona.es/eu webgunearen bidez. Hor edo fcarreras.org webgunean informazioa dago.

7. Eman eta gero, zer? 
Izena ematen dutenei oinarrizko azterketa bat egiten diegu, ongi dagoela jakiteko eta bere bateragarritasun sistema aztertzen diogu. Eta munduko sare osoarekin konektatzen den erregistro bat sortzen da. Beraz, munduko edozein pazientek beharko balu, parekotasun handia duen emailea lokalizatu eta azterketa zehatzagoa egiten da. Pazientearendako ideala bada, ematea eginen litzateke.  

8. Emateko aukerak zein dira?
Norberaren bateragarritasun bera izateko aukera milioiko bat da. Bateragarritasun altua, bat 7.000 edo 10.000 artean.

9. Transplantatzea, nola egiten da?
Fisikoki, odol emate transfusio bat bezalakoa da. Kasu batzuetan transplanteak osasun etxean egin daitezke. Leuzemia kasu batzuetan, zelula "gaiztorik" ez egotea lortzen dugunean, pazienteari bere muin garbia jartzen diogu, autotransplantea. Aukera horrek onura asko ditu.

10. Nabaritu duzue Sakanako emaile gehiago izan direla?
Oso eskertuta gaude gaizki pasatzen ari den pazientearen familiarekin. Gertukoen artean emailerik ez zegoenez, ematea sustatzeko lan handia egin dute. Abenduaren 25etik gaur egunera hezur muineko 250 emaile baino gehiago erregistratu dira, Nafarroan 2025ean adina. Gure helburua Nafarroan urtero 350 emaile erregistratzea da.

11. Hezur muinaren emaile egin dena, odol emaile bihurtzen da?
Asko odol emaileak ziren aurretik, beraz, analisia egin eta, gero, odola eman zuten. Prozesua ikusita, beste batzuk odol emaile egin ziren. Eta odola eman ez dutenak ateak irekita dituzte. Ematea beste pertsona bati bizitza ematea da.