Astekaria

Azken kartutxoak, ongi kargatuta

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 6a

Zabaleta, Elordi, Jaka eta Iztueta astearteko material aukeraketan. ASPEPELOTA.EUS

Elordi-Zabaleta Jaka-Iztueta irabaztera derrigortuta daude Binakako Txapelketan bizirik jarraitu nahi badute. Altuna-Ezkurdiak eta Laso-Albisuk jokatuko duten partidako irabazleek hanka eta erdia baino gehiago izango dute final handian

Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka gori-gori dago. Lehen jardunaldian Ezkurdiak atzelari gisa Binakakoan bere partidarik onena jokatu zuen, partidako erregea izan zen, eta tantoak primeran bukatzen asmatu zuen Altunarekin batera, Elordi eta Zabaleta 22-16 hartu zituzten mendean. Erritmo itogarria ezarriz, Elordi eta Zabaleta bere onetik atera zituzten, eta azken hauek, oso deseroso, arerioen jokoan ito egin ziren. 

Ezkurdiak atzelari jokatzeko esperimentua ongi ateratzen ari da. "Bolearekin min handia egiten ari naiz; pilota ongi bideratzen ari naiz eta ongi sartzen dut. Oxala horrela jarraitzea. Disfrutatu nahi dut, ongi errekuperatu eta datorren partida ongi prestatu. Finala urrun dago, baina gurea egiten ari gara, gutxinaka. Ezin gara erlaxatu, ez dago tontakerietarako tarterik. Lan egiteko eta sufritzeko prestatuta gaude" azaldu zuen arbizuarrak.

Altunak eta Ezkurdiak lehen jardunaldiko beste irabazleak, Laso eta Albisu, dituzte zain martxoaren 8an Ogetan. Laso eta Albisu Jaka-Iztuetari 13-22 irabazita iritsi dira bigarren jardunaldira, eta faboritoak dira. Baina kontuz Altunarekin eta Ezkurdiarekin, denetarako prest baitaude. Bigarren puntua dago jokoan, irabazleek hanka eta erdia baino gehiago izango dute finalean eta partida ikaragarria espero da. 

Bi bikoak materialarekin konforme daude, saskian nahi dutena topatu zutelako. Altuna Ogeta pilotalekuarekin mesfidati azaldu zen material aukeraketan. "Ogetan Laso-Albisu ibaztea askoz ere zailagoa da. Pilotak asko gastatzen dira Ogetan, bote handia hartzen dute eta hori gure jokorako ez da ez da ona. Lasok eta Albisuk bikote handia osatzen dute, baina gu gureaz arduratuko gara. Txapelketa ona egiten ari gara, nork esango zigun finalerdietan egongo ginela, aukerekin". Nolanahi ere, guk gure jokoa egingo dugu". 

Ezkurdiak azaldu zuenez, bikote gisa ongi daude. "Zentratuta gaude, sentsazio onak ditut. Azken partidetan erosoago sentitzen naiz. Hala ere, Laso-Albisuk asko exijituko digute. Sufritzeko mentalizatuta nago. Baina gure maila ematen badugu, eta lehiakor bagara, aukera izango dugu. Gauzak oso ongi egin beharko ditugu"

Donostian, topera hasi
Zabaletak argi du finalerdietako lehen komodina galdu dutela, eta, horregatik, otsailaren 7an Atano III.ean Jakaren eta Iztuetaren kontra "topera" hasi beharra dutela. "Hasieratik entxufatuta atera, eta partida guztian topera egon, gure jokoa eginez. Jaka ekidin? Ez dakit, orain arte euren kontra jokatu dugun bezala jokatzea da asmoa. Ahal denean dominatu, eta Aitor erasoan fin ibili. Orain arte ongi atera zaigu. Martxel dominatzea lortu nuen aurrekoetan, eta ea honakoan ere hala den".