Gobernuak natur parkeko araudia aldatu du

Guaixe 2026ko martxoaren 5a

Urbasa-Andia natur parkeko Mendizelai eta Beriain. ARTXIBOA

Horren bidez, erabilera tradizionalekin bateragarriak diren jarduera berriak baimentzeko aukera izanen du, esate baterako, ingurumen-sentsibilizazioko eta bioekonomiako jarduerak.

Nafarroako Gobernuak Urbasa-Andia natur parkearen araudia malgutzen duen foru dekretua onartu zuen atzo, martxoak 4. Gobernuak esan duenez, natur parkearen kontserbazio helburuekin bateragarriak diren jarduera berriak bulkatzea du helburu araudiaren aldaketak. Azaldu dutenez, “helburua da jardueren kudeaketa iraunkorra sustatzea eta parkearen erabilera tradizionalak ezagutaraztea eta horiei balioa ematea”. Erabilera horiek baso-baliabideen aprobetxamendua eta larratze estentsiboa dira, eremu horretan urtero sartzen diren 40.000 abelburuengatik eta 340 abeltzaintza-ustiategiengatik, gutxi gorabehera. Egindako aldaketak aukera ematen du bioekonomiaren eremuari lotutako merkataritza jarduera berriak eta ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko ekimenak baimentzeko, landa dinamizazio errespetuzkoa bultzatzeko azken helburuarekin.

Natur Parkearen Patronatuak egindako eskaerari erantzunez egin du aldaketa gobernuak. Aipatu patronatua organo aholku-emailea da eta, besteak beste, honako erakundeetako ordezkariek osatzen dute: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, natur parkearen inguruko udalek, Urbasa-Andiako Larreen Batzordea, Mendi Mugakideen Batzordea eta Nafar Mendi Federazioa.

Aldaketaz
Onartutako foru dekretuak Urbasa eta Andiako Natur Baliabideak Antolatzeko garilaren 1eko 267/1996 Foru Dekretuaren bidez onartutako Plana aldatzen du. Aldaketa jatorrizko dekretuaren 21. artikuluari dagokio, Parke Naturalean merkataritza jardueren debekuen eta baimenen gaineko araubidea jasotzen duena. Aldaketa horrekin, beraz, aukera izango da baimendu daitezkeen jarduera batzuk garatzeko, Parkearen Erabilera Publikoko Plana (2021ean onartua) indartzen eta ezartzen lagun dezaten, edota urriaren 8ko 228/2007 Foru Dekretuaren bidez Urbasa-Andia Kontserbazio Eremu Berezia (KEB) Kudeatzeko onartutako Planarekin (gaur egun berrikusten ari dira) loturiko neurriak garatzeko. Bestetik, aldaketaren beste motibazioetako batzuk bioekonomia eta landa garapena bultzatzea dira.

Jarduerak egiteko, Nafarroako Gobernuan Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak baimena eman beharko du, eta bateragarriak izan beharko dute balio naturalen kontserbazioarekin eta Urbasa-Andia KEBren Kudeaketa Planean proposatutako neurriekin. 

Aldaketa jakinarazi zaio Parke Naturalaren Patronatuari, eta Nafarroako Ingurumen Kontseiluaren bermea du, 2025eko ekainaren 6an adostasuna eman baitzuen.

Natur parkeko plana
Urbasa eta Andiako Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana duela 30 urte bultzatu zen, 21.000 hektareako eta Nafarroako ipar-mendebaldean, Arabako mugan, kokatutako Parke Natural horren balio naturalak kontserbatzea bermatzearren. Onartu zenetik denbora bat igaro denez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak uste izan du araua eguneratu egin behar zela, Parke Naturalaren Patronatua osatzen duten sektoreek ere adierazitako eskaerari erantzutearekin batera.

Aldatutako araudiak jada baimena ematen zuen, aurrez baimen hori izanda, inguruko biztanleek kudeatutako artisau-produktuak saltzeko postuak instalatzeko, indarrean zeuden ostalaritza establezimenduek bertan lanean jarraitzeko betiere ezarritako araudia betetzen bazuten, freskagarriak eta izozkiak saltzeko postuak jartzeko horretarako prestatutako lekuetan nahiz Urbasa Jauregia turismo helburuekin erabiltzeko, betiere eraikitako azalera handitzea eskatzen ez badu.