Pilota

Esperimentua, finalera!

Guaixe 2026ko martxoaren 9a

Ogeta zutik jarri zen Altuna eta Ezkurdia txalotzeko. EITB

Altunak eta Ezkurdiak Binakako final handiko txartela lortu dute bigarren finalerdian ikusgarri aritu eta Laso-Albisu ito eta gero. Elordi-Zabaletaren eta Laso-Albisuren artean jokatuko da finaleko beste txartela.

Finalerdietan ditugun bi pilotari sakandarrendako primerako asteburua izan da pasatu berri dena. Binakako finalerdietako finalerdiko bigarren jardunaldia zegoen jokoan, eta primerako maila eman dute: Joseba Ezkurdiak, Altunarekin batera, martxoaren 29an Nafarroa Arenan jokatuko den final handirako txartela lortu du, eta Zabaletak, Elordirekin lortutako garaipenari esker, finaleko bigarren txartelagatik borrokatuko du Lasoren eta Albisuren kontra. 

Martxoaren 7an, larunbatarekin, lehen jardunaldiko galtzaileek jokatu zuten, Atano III.ean. Txapelketan bizirik jarraitzea ala ez zegoen jokoan. Elordi-Zabaletak, batetik, eta Jaka-Iztuetak, bestetik, parez pare hasi zuten norgehiagoka, Zabaleta eta Iztueta jotzaileen pilotakada sendoekin. Zazpinako berdinketaren ondoren, Elordi-Zabaleta ongi karburatzen hasi ziren. Elordi ikusgarri aritu zen aurreko koadroetan, tantoak bikain itxiaz (10 tanto egin zituen eta ez zuen akatsik egin), eta Zabaletak behetik gora egin zuen nabarmen. Jaka-Iztueta bigarren zatian ezin asmatu ibili ziren, nahiko irregular. Horrela, Elordi-Zabaleta bide onetik abiatu, eta  22-11 gailendu ziren. 

Elordi eta Zabaleta pozarren daude, Binakakoan bizirik jarraitu dutelako. “Lehen jardunalditik komodina galdu genuen eta, beraz, irabazi beharra genuen. Elordik sekulako partida egin du, erakustalditik gertu, eta horri esker garaipena lortu dugu eta bizirik jarraitzen dugu txapelketan” azaldu zuen partida bukaeran Zabaletak. Jaka eta Iztueta Binakotik kanpo geratu dira. 

Altunaren eta Ezkurdiaren erritmora dantzan
Lehen jardunaldiko irabazleak, Altuna-Ezkurdiak eta Laso-Albisuk, elkarren kontra jokatu zuten martxoaren 8an 1.613 ikusleren aurrean, Ogetan. Dirua Lasoren eta Albisuren alde atera zen, 100-80ra. Hasiera paretsua izan zuten bikoek. 3-3, 7-7, 9-9, 10-10... Ezkurdiaren jokoa indargabetzeko pilota ezker paretan jartzen zuten Baikokoek, baina defentsa lan ikaragarria egin zuten gorriek. Jokin Altuna tantoak ezin egin aritu da lehen zatian. Tanto luzeak, gogorrak eta nekezak ziren; hori nahi zuen, hain zuzen ere, Aspeko bikoteak, eta hortik aurrera Altunaren eta Ezkurdiaren gorri kolorea hartu zuen partidak. Ezkurdiak ikaragarri jokatu zuen; bere bolea erasokorrek min handia egin zuten, eta berak eta Altunak ezarritako erritmo azkar eta indartsuan ito egin ziren Laso eta Albisu. Altunak baino tanto gehiago egin zituen Ezkurdiak (5 arbizuarrak, eta 2 amezketarrak); 13-10 aurreratu ziren gorriak, hasieran; 16-11 ondoren, urdinen konfiantza apurtu arte. Albisuk lau akats egin zituen jarraian, tarte horretan ezin zuzen eskuina ongi sartu, eta horrek partida apurtu zuen. Azkenean, tentsio handiko partidan, finalerdietan nabarmen gora egin duen biko gorriak 22-15 irabazi, eta Iruñeko final handirako txartela lortu zuen. Aldiz, txapelketan 12 garaipen jarraian lortu zituen bikoak akats ugari eginda galdu zuen (Lasok 7 huts egin zituen eta Albisuk 8), eta finaleko txartela lortzeko Elordi-Zabaleta mendean hartu beharko ditu. Kezka dute Baikon Albisuk mindutako eskuin eskua sendatuko ote duen. 

Altuna eta Ezkurdia finalean dira: bi aurrelari elkarrekin, apustua ongi atera zaio Asperi. “Ospatu beharreko eguna, egia esan, ezin sinistu. Ikaragarri pozik” zioen Ezkurdiak. “Finalean gaude, sekulakoa da. Egon garen bezala egonda, ezin sinistu” gaineratu zuen Altunak. 

Datorrena
Finalerdietako hirugarren jardunaldian Altuna-Ezkurdiak Jaka-Iztueta izango dituzte arerio eta Elordi-Zabaletak Laso-Albisu. Azken partida honetako irabazleak lortuko du finaleko beste txartela.