Hainbat modutara ospatu zen Emakumeen Eguna

Guaixe 2026ko martxoaren 9a

Mugimendu feministak mobilizazioak deitu zituen. Udalek ekitaldiak antolatu zituzten. Eta emakumezkoen topaketak ere izan ziren martxoaren 8an. 

Mugimendu feministak deituta, Emakumearen Egunean elkarretaratzeak izan ziren Lakuntzan, Iturmendin eta Urdiainen. Altsasun feministek manifestazioa egin zuten. Hartan makina bat sakandar izan ziren. Eta Irurtzungo Emakume Taldeak deituta elkarretaratze jendetsua egin zen arratsaldean. 

Irañetako udaletxeko balkoiak puxika morez edertuta daude. Emakumeen Eguna zela eta irintarrak eguerdian udaletxe inguruan elkartu ziren eta denen artean puxika mordo bat puztu zituzten. Ekintza horren bidez benetako berdintasuna lortzeko emakumezkoen eskubideek hauspoa behar duela adierazi nahi izan zuten. 

Lakuntzako Udalak Emakumearen Eguna baliatu zuen Elvira Turumbay Sainz plaza mustutzeko. Haren bidez joan zen mendean emagina izan zen emakumea eta bere lana aitortu nahi izan zituen udalak. 

Unanun Emakumearen Eguna zela eta Martxoak 8 zioten banderola eta puxika more batzuk jarri zituzten. Horretaz aparte, emakumezko unenuarrak Denok Bat elkartean batu ziren eguerdian. Auzatea izan zuten eta giro ederrean egon ziren. 

Lizarragabengoan emakumearen eguna dela eta kontzentrazioa egin zuten. Ondoren, Bordatxo elkartea herriko emakumezkoen bilgunea bihurtu zen. Kafe kikaren bueltan ederki asko egon ziren. 

Etxarri Aranazko Udalak deituta, Feminismoari esker... gaur aukera dugu izan, egon, esan eta erabakitzeko leloa zuen kontzentrazioa egin zen. 

Eta ohiturari jarraituz, Ziordian Martxoaren 8an emakumezkoen afaria egin zuten Erreka artea elkartean. Mahaiaren bueltan 25 bat emakumezko eseri ziren.