Areto futbola

Xotak eta Arbizuk irabazi, eta Altsasuk liderraren kontra ezin

Guaixe 2026ko martxoaren 11

Arbizu Kirol Taldeak Erriberrin jokatuko du martxoaren 12an.

Mutilen lehen maila autonomikoan 20. jardunaldia jokatu zen, eta 6 puntu bildu dituzte Sakanako taldeek

Xotak Universidad de Navarraren kontra jokatu zuen Iruñean. Partida kontra jarri zitzaion Irurtzungo taldeari, Universidad 1-0 aurreratu baitzen, baina Asier Astizek bana berdindu zuen 32. minutuan. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, bi taldeak garaipena bilatzen baitzuten. Oier Amezgaraik 60. minutuan Xotaren bigarrena sartu zuen eta 1-2 irabazita itzuli zen Irurtzungo taldea. 

Arbizu Kirol Taldeak Vulcanizados Ruiz Tafa hartu zuen Arbizuko kiroldegian. Arbizuarrak erritmo handian hasi ziren eta 7. minuturako 3-0 aurreratu ziren Julen Mayok (2) eta Andoni Goikoetxeak sartutako golei esker. 30. minutuan Jokin Urzelaik 4-0 ezarri zuen markagailuan, baina hurrengo jokaldian Tafallakoen erreakzioa iritsi eta 4-1 jarri ziren eta 2 minutu beranduago 4-2 hurbildu ziren. 58. minutuan Julen Mayok Arbizukoen bosgarren gola sartu zuen, eta partida erabakita geratu zen: 5-2 Arbizurendako. 

Altsasuk Gazte Berriak Antsoain liderra hartu zuen Zelandi kiroldegian. Partida hasi eta berehala, 1. minutuan, Altsasu aurreratu zen. 10 minutuz ongi eutsi zuen Altsasuk, baina 12. minutuan Gazte Berriak-ek bana berdindu zuen eta segidan partidaren kontrola hartu zuen, 1-5 gailenduz. 

Datorrena
Gazte Berriak da lehen maila autonomikoko liderra (52 puntu), Ibararte zelatan duela (51 puntu). Xota hirugarren da (44 puntu), Arbizu laugarren (42 puntu) eta Altsasu hamabigarren (4 puntu). Beraz, oso estu dago sailkapena. 21. jardunaldian, Xotak Anaitasuna hartuko du Atakondoan martxoaren 14an (18:30). Arbizu Kirol Taldeak martxoaren 12an Olite du aurkari Erriberrin (20:15). Azkenik, Altsasuk Vulcanizados Ruiz Tafarekin jokatuko du martxoaren 13an (20:30).