Album ilustratuen sariketa martxan

Guaixe 2026ko apirilaren 16a

2025eko Etxepare sariko album ilustratuaren aurkezpena. ARTXIBOA

Maiatzaren 8ra arte aurkez daitezke haurrei zuzenduriko album ilustratuak sortzeko Etxepare sarirako lanak; Nafarroako 23 toki entitateen euskara zerbitzuek antolatzen dute, tartean Sakanako Mankomunitatea

Testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak dira album ilustratuak, eta Nafarroako 23 toki entitateen euskara zerbitzuek, tartean Sakanako Mankomunitateak, urteak daramatza haurrendako literatur lan hauek sustatzeko Etxepare sariak antolatzen; maiatzaren 8ra arte aurkez daitezke lanak.

Etxepare sarira aurkezten diren lanak euskaraz sortuak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izanen dira. Sortzaileak bakarka edo idazle eta ilustratzaileek sortutako taldean aurkez daitezke, eta nahi bestela lan aurkez ditzakete. Album ilustratuaren ezaugarrien harira, formatua librea da, baina lanak ez dira 20 zentimetroko zabalera eta 21 zentimetroko altuera baino txikiagoak izanen, eta gutxienez hamabost orrialde bikoitz izanen dituzte. Testuek ez dituzte 4.000 karaktere baino gehiago edukiko; ez dira hitzik gabeko albumak onartuko, ezta adimen artifizialarekin egindako  ez. Azken lau urtetan Etxepare saria jaso dutenak ezin dira aurkeztu. 

Album ilustratuak
Lanak izengoitiaz izenpeturik egonen dira, eta albumaren maketa fisikoa, digitala edo biak aurkez daitezke etxeparesaria.eus webgunearen bitartez, horretarako prestatutako formularioaren bidez. Fitxategiek 20 mega baino gehiago ez izatea aholkatzen dute, eta nahi izanez gero egileek irudi originalak posta arrunt bidez bidal ditzakete. Kasu horretan Etxepare saria. Larraungo udaletxea, Euskara zerbitzua, Gabari plaza, 31878 Mugiro (Nafarroa) helbidera bidali beharko dituzte lanak. 

Epaimahaia udal eta mankomunitate antolatzaileek izendatuko dute eta haur literaturan eta ilustrazioan adituak diren pertsonek osatuko dute: Patxi Zubizarreta, Aitziber Akerreta eta Idoia Sorrino. Pamielak izendatutako pertsonak egon daitezke epaimahaiak saria erabakitzeko egindako bilkuran, baina ez du botorik izanen. Epaimahaiaren iritziz, aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez balute, ez da saririk emanen. 5.000 euroko sari bakarra emanen da, eta saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du. 

2025ean Gotzone Butron eta Aitziber Raya egileen Orkestra Zooragarria album ilustratuak irabazi zuen Etxepare saria, 2024an Maite Rosendek eta Nerea Ariznabarretak egindako Mamuki lanak irabazi zuen, eta 2023an hutsik gelditu zen.